Joko ona, baina emaitzarik ez Gernikarentzat, Kanaria Handian
Spar Gran Canariaren kontra 66-56 galdu zuten atzo. Azken partiduetako moldea izan zuen atzokoak ere: hasiera oso ona egin zuen Lointek Gernika Bizkaiak, baina, ostean, beherakada nabarmena izan zuen.
Lointek Gernika Bizkaia emaitza txarren boladari buelta eman asmoz iritsi zen, atzo, Kanaria Handira, Emakumezkoen Endesa Ligako 16. jardunaldira. Paternan erakutsitako jokoa anbizio horren erakuslea izan zen, kantxa zaila izan arren. Izan ere, Emakumezkoen Endesa Ligako talde denei nekeza suertatzen zaien arerioa da Spar Gran Canaria.
Talde gernikarra hasiera-hasieratik gogor sartu zen norgehiagokara, baloiaren zirkulazio bikainagaz eta joko eraginkorra erakutsiz. Angie Bjorklunden jokoa, ildo horretan, azpimarragarria izan zen partiduaren hasiera horretan, bere mailarik onenera bueltatu dela baitirudi; hiruko jaurtiketetan gailendu zen amerikarra, besteak beste.
Hori bai, Spar Gran Canariako jokalariak ere ez ziren herren ibili hiruko jaurtiketen esparruan: Blanca Millán izan zen arlo horretako jokalaririk aipagarriena. NCAAtik heldutako jokalaria bikain egokitu da talde kanariarraren jokatzeko moldera, eta azken partiduetan egokitzapen horren emaitzak erakusten ari da. Lehendabiziko laurdena bukatzeko hiru minutu falta zirenean, etxeko taldeak hutsartea eskatu zuen, gernikarren dinamika jaun eta jabe baitzen. Hori bai, lehen aldi horretan, Mario Lopezen taldeak ez zuen lortu joko bikain hori zukutzea eta emaitzetan islatzea; 18-21 amaitu zuten lehenengo txanpa hori.
Partiduak aurrera egin ahala, Spar Gran Canariako Adji Fall bere lekua aurkitzen joan zen, Sika Konenen hutsunea betez. Fallen eta Lydia Giomiren jokaldi erasokorrek eman zizkien, hain zuzen ere, talde gernikarrari buruhausterik esanguratsuenak. Izan ere, zazpi aldaratze gorpuztu zituzten atsedenaldia orduko. Larregi. Lashann Higgs kantxaratzeak, baina, zelanbaiteko lasaitasuna eman zion Lointek Gernika Bizkaiari, Paternan bere ohiko mailagaz alderatuta baino zertxobait beherago ibili zen arren. Higgsen argigune nagusia, hain zuzen, hiruko jaurtiketak izan ziren, partiduaren lehenengo 20 minutuetan hirutik bi saskiratu zituelako. Bigarren laurdenaren amaieran ere, bisitariek ez zuten erdietsi euren joko dinamika paregabea emaitzetan bistaratzea.
Hirugarren aldiak protagonista argia izan zuen: Blanca Millán. Gernikak kantxaren erdigunera bideratu zuen bere indar guztia, partidu osoan zehar ez baitzuten lortu kanpoaldetik jokatzea eta, batik bat, triangulazioekin asmatzea; konponbide bakarra, horrenbestez, urruneko jaurtiketak ziren. Horixe bera zen etxekoek bilatzen zutena, bide batez. Millán galiziarrak, bere aldetik, Emakumezkoen Endesa Ligan orain arte izandako mailarik onena erakutsi zuen, eta 27 punturaino eroan zuen bere parte-hartzea. Spar Gran Canariak markagailuan aurrea hartzea lortuta, Mario Lopezek hutsartea eskatu zuen, zati horren amaiera orduko.
Azken laurdenean, etxeko taldeak bere martxari eutsi zion, behin norgehiagokaren buruan jarrita. Apurka-apurka, gernikarrekin zeukaten aldea mardultzeari ekin zioten kanariarrek. Lointek Gernika Bizkaia taldetik, ostera, Tinara Moore izan zen jokoa hauspotzeko merituak egin zituen jokalari bakarretakoa, saskipean zeukan nagusitasun fisikoa baliatuz. Pibotaren eremuraino ailegatzea, dena dela, oso gaitza zen. Lashann Higgsek ere lortu zuen bakarkako jokaldiren bat edo beste saskiratzea, baina ez zen nahikoa izan; bien bitartean, Spar Gran Canariak ez zion utzi pixkanaka-pixkanaka puntuak eskuratzeari. Lointek Gernika Bizkaiakoek, azken eraso jokaldian, hiru aukera argi izan zituzten hamar puntuko aldea ezabatzeko, baina ezin izan zituzten jokaldiok aprobetxatu, eta Spar Gran Canariak garaipen baliotsua lortu zuen etxean. Gernika, aldiz, joko dezente onagaz geratu zen, baina, beste behin, ez zuten inongo biderik egin dinamikak emaitza bihurtzeko saiakeran.
“Azken partiduetan modura, ondo hasi ginen, hiru-sei puntuko errentekin, eta tarte hori hamar bat puntura handitzeko aukerak ere eduki genituen”, dio Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak. Defentsako “huts egiteek” eta aukera “okerrak” hartu izanak eragin zietela uste du: “Atsedenaldiaren ondoren, defentsan ez ginen ondo egon, eta batez ere, erasoan ez genuen arriskurik sortu azken bi laurdenetan”. Lehenengo zatiko saskiratze-erritmoa mantentzea ez zuten lortu: “Ez genuen baloia ondo mugitzeko pasientzia nahikoa eduki, eta defentsan ere huts egite asko izan genituen”.
22. jardunaldia, asteburuan. Atzokotik ikasi eta domekan [otsailak 27], etxean, hainbeste desiotako garaipena lortzen saiatuko direla dio entrenatzaileak. Lointek Gernika Bizkaiaren eta Casademont Zaragozaren arteko partidua 18:30ean hasiko da.