Askotariko produktuekin dator 2022ko lehenengo Bertoko Azoka
Bertoko Azoka egingo dute Eako Donibane Enparantzan, zapatuan [otsailak 26], 11:00etatik 13:00etara.
Bedarokelaren banaketa egingo dute, eta horretaz aparte, Kortezubiko Santana esnea eta esnekiak, Iñakiren eztia eta Errigora arroza eta pasta erosteko aukera ere edukiko dute bertaratzen direnek. Oraingoan, gainera, bertoko aguakateak ere salgai ipiniko dituzte aurreratu dute: “Aurrekoan, orain dela hiru hilabetekoan, bertoko ortu txikietako indabak egon ziren salgai, eta batzuk aguakatea sartzen hasi direnez, aguakateak egongo dira zapatuan. Bestalde, Ibarrangeluko ortugintzako Lurbai proiektuari buruzko azalpenak ere emango dituzte, eta Korrikaren materiala erosteko aukera egongo da”, azaldu dute antolatzaileek.
2022ko lehenengo Bertoko Azoka da zapatukoa. Izan ere, hiruhilabeterik behin egiten dute. Tokiko zein Euskal Herriko produktuen aldeko kontsumo arduratsua bultzatzea helburu duen azoka da Eakoa: “Ez dakigu ekoizpenean eragin genezakeen, baina, behintzat, kontsumitzaile ikuspegitik ohiturak sortzen joatea da gure asmoa.”
Orain dela zazpi urte hasi zuten Bedarokela proiektua “indartzen doa”, eta gaur gaurkoz 90 kidek osatzen dute sarea: “Pasadan zapatuan Natxituan eta Ispasterren banatu genuen Bedarokela, eta oraingoan Ean egingo dugu. Gutxienez 5 kiloko paketeak hartzen ditugu; bide honetatik, urtean 14-15 txahal hiltzen dituzte”.
Ekimen horren harira sortu zuten Bertoko Azoka, eta batik bat, sasoian sasoiko eskaintza izaten dute bertan. “Zoritxarrez, gure inguruan lehenengo sektoreko ekoizpena hankaz gora dago. Azoka kontsumitzaileen ikuspegitik egindako ahalegina da, bertoko produktuak berton ekoizten dituztenei hartzeko”. Errigoraren filosofia dago atzean; tokikora egokitu zuten haren ideia: “Nafarroako produktuekin posible bada, zergatik ez egin antzeko zerbait bertokoein? Horixe pentsatuta hasi ginen, hortik sortu genuen Bedarokela”.