Zupiriak biktimei eskatu die Elizaren barruan jasandako sexu abusuak salatzeko
Bermeoko Jose Done ikastetxean gertaturiko abusuen harira, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo esan zuen "mekanismo guztiak" jarri nahi behar direla martxan biktimek euren mina kaleratu dezaten eta erreparatuak izan daitezen.
Elizaren barruan sexu abusuak jasan zituzten gizon eta emakumeentzat “justizia” gura du Eusko Jaurlaritzak. Hala esan zuen atzo Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluko bileraren ondoren egindako prentsaurrekoan.
Bermeoko Jose Done ikastetxean 1976tik 1981era gertaturiko hainbat abusu kasu azaleratu ditu EiTBk asteon, eta horri buruz galdegin zioten ordezkariari. Zupiriak esan zuen sexu abusuen aurrean “mekanismo guztiak” martxan jarri behar direla, “biktimek barnean duten mina atera dezaten eta erreparatuak izan daitezen”. Biktimei eskatu zien Elizaren barruan jasandako sexu abusuak salatzeko, “horiek ikertu ahal izateko”. Izan ere, nabarmendu du ezinezkoa dela kasuak ikertzea horiek behar bezala ezagutzen ez badira.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak elkartasuna adierazi zien sexu abusu horien biktimei, eta gertatutakoa gaitzetsi zuen. Azpimarratu zuen euskal gizartea jakitun dela pertsona horiek jasaten ari diren minaz, eta garrantzitsua dela kasu guztiak azaleratzea eta argitara ateratzea, “baita berriro ez gertatzea ere”.
Zupiriak gogoratu zuen sexu abusuak salatu dituztenak umeak edo nerabeak zirela sexu abusiak pairatu zituztenean. Eta adierazi zuen, horrek “ondoez handia” eragin ziela abusuak jasan zituztenei. “Abusuak jasan zituztenek euren eskubidea dute euren egia eta mina adierazteko, baita babesa jasotzeko ere”, azaldu zuen.
Halaber, antzeko kasuen aurrean munduko beste herrialde batzuetan izan duten gaia lantzeko “modu eredugarria” aipatu du bozeramaileak, eta bide horretan aritzeko prest azaldu da.
Hain zuzen ere, Artolazabalek dio Jaurlaritzaren “lehentasuna” dela haurren eskubideak defendatzea. Azaldu zuen dagoeneko garaitu direla hainbat mekanismo, tartean haurren indarkeriaren aurkako euskal estrategia, apirilean aurkeztuko dutena. Programa horretan batzen dira adingabeen abusuak saihesteko eta biktimei eragindako kaltea “ahal den neurrian” lehengoratzeko neurriak. Halaber, Eusko Jaurlaritza haurren lege bat izapidetzen ari dela azaldu zuen, adingabeak eta nerabeak babesteko neurriak bilduko dituena.