Zuhaitz Eguna ospatuko dute mendatarrek
Ohitura mantenduz, Zuhaitz Eguneko eta Basatozte Eguneko ospakizunak egun berean egingo dituzte. Goizean zuhaitzak landatu ondoren, eguerdian Taberna Barri inguruan batuko dira txitxiburduntzian.
Beste urte batez, Basatozte Egunarekin batera Zuhaitz Eguna ere egingo dituzte Mendatan.
Domekan (otsailak 27) 11:30ean Artape aurrean elkartu, eta Kalbariorantz abiatuko dira. Bertan, aurreko urteetan landatutako zuhaitzak bisitatu, eta berriak landatuko dituzte.
13:30etatik aurrera, Taberna Barri inguruan egingo dute txitxiburduntzia. Esan dutenez, sua lehenago piztuko dute, hitzordurako prest edukitzeko. Zotzak norberak eroan beharko ditu, baina gainontzekoa udalak eta Oilarganeko elkartekoek eroango dute: “Umeak, gurasoak, aiton-amonak… denek parte hartzea da gure helburua, eta bide batez ohiturei eustea”. Antolakuntzan laguntzeko jandea beharko dutela esan dute.
Inauteriak direla eta, gura duenak mozorrotuta joan ahal duela zehaztu dute. Halaber, pandemia egoeran gaudenez, zentzuz eta errespetuz jokatzeko deia zabaldu dute.
2019ko bideoa: