Aurkari ezaguna Lointek Gernika Bizkaia taldearentzat, Erregina Kopan
Cadí La Seu taldearen aurka jokatuko du Gernika KESBek, martxoaren 24an. Finalaurrekoak eta final handia, ostera, 26an eta 27an izango dira, hurrenez hurren.
Aurtengo Erregina Kopako final laurdenetako bikoteak zeintzuk izango diren argitzera eman zuten, atzo, Valentziako udaletxeko Kristalen Aretoan. Izan ere, hiri horrek hartuko ditu txapelketa horren final laurdenak, finalaurrekoak eta finala, martxoaren 24a eta 27a bitartean. Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldea ere kopan lehiatuko da B final laurdenean; zozketatik egokitu zaien aurkaria Cadí La Seu taldea da.
Gernika KESBekoek ondo ezagutzen duten arerioa da Cadí La Seu, duela duela bi aste eskas euren kontra jokatu baitzuten, Emakumezkoen Endesa Ligaren barruan. Partidu hura galdu egin zuen Lointek Gernika Bizkaiak, eta, ondorioz, Erregina Kopako serieburu izateko parada ere galdu zuten. Final laurdeneko norgehiagoka martxoaren 24an izango da, 21:30ean. Bai saio hori, bai lehiaketako gainontzekoak Valentzian jokatuko dira. Beraz, La Fuente de San Luis pabiloiak anfitrioi lanak egingo ditu, bigarren urtez erreskadan.
Gainontzeko partiduei dagokienez, A final laurdenean Perfumerías Avenida eta IDK Euskotren talde donostiarra lehiatuko dira; D final laurdenean, ostera, Spar Girona eta Movistar Estudiantes; azkenik, C bikotea etxean jokatuko duen Valencia Basketek eta Casademont Zaragoza taldeak osatuta egongo da. A bikotekoak, Gernika KESB bezalaxe, martxoaren 24an elkartuko dira; C eta D bikoteak, aldiz, hilaren 25ean. Hurrengo egunean, martxoaren 26an, bi finalaurrekoak jokatuko dituzte fasez igaroko duten taldeek. Lehenengo finalerdia 14:00etan izango da, eta bigarrena, berriz, 17:30ean. 2022ko Erregina Kopako finala, ordea, martxoaren 27an lehiatuko dute finalerdietatik irabazle suertaturiko bi taldeek.