Jose Done Ikastetxean izandako sexu erasoak gaitzetsi ditu Menesianoen ordenak
Barkamena eskatu die biktimei eragindako minagatik eta konpromisoa agertu du "edozein motatako gehiegikeriak jasan dituztenei laguntza emateko eta egia bilatzeko".
Bermeoko Jose Done ikastetxean izan ziren sexu erasoak gaitzetsi ditu Menesianoen ordenak, eta barkamena eskatu die biktimei eragindako minagatik. EiTBk jakinarazi duenez, adierazpen publikoa egin du ordenak.
“Argitaratu diren informazioen aurrean, Kristau Instrukzioko Anaien Institutuak (Menesianoak) publikoki adierazi nahi du adingabeei egindako edozein abusu gaitzesten dugula, kaltetutako pertsonei gure babesa ematen diegula eta dagokigunaren ardura gure gain hartuko dugula”, adierazi du ohar bidez.
“Ezinbestekoa” deritze gardentasunez aritzea, eta adierazi dute euren ardurapean egon ziren pertsonen aurkako edozein “gehiegikeri” argitzea gura dutela. “Erakunde gisa, eta errugabetasun printzipioa errespetatuta, gure abudiorik irmoena adierazi nahi dugu eta biktimei barkamena eskatzen diegu eragindako sufrimenduagatik”, zehaztu dute agirian.
Ordenak gaineratu du, protokolo bat dutela gaur egun, “ikasleen segurtasuna eta babebsa bermatzeko” euren ardurapean dauden ekintza guztietan. Eta konpromisoa agertu du “edozein motatako gehiegikeriak jasan dituztenei laguntza emateko eta egia bilatzeko”.