Elizaren baitan izan diren 41 sexu abusu kasu ikertzen ari da Ertzaintza
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak aurreratu du 36 Bizkaikoak direla eta 5 Gipuzkoakoak. Hain zuzen ere, Bizkaiko kasuetatik hiru dira Bermeoko Jose Done ikastetxekoak.
Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuak jakinarazi du Elizaren baitan Bizkai, Araba eta Gipuzkoan izan diren ustezko 41 sexu abusu kasu ikertzen ari dela Ertzaintza. Aurreratu du biktima horietako 36 Bizkaikoak direla eta 5 Gipuzkoakoak. Hain zuzen ere, Bizkaiko kasuetatik hiru dira Bermeoko Jose Done ikastetxekoak. Gainera, bermeotarrak azpimarratu du Ertzaintza prest dagoela salatzen diren kasuak ikertzeko.
Hala ere, esan du “zenbakien dantza” handia dela, egunetik egunera kopurua aldatzen delako. “Komunikabideetan beste kasu batzuk ikusi eta salaketa jartzeko pausoa eman dute askok. Horren aurrean, Ertzaintzak ezinbestean abiatu behar du ikerketa berri bat”, adierazi du.
Sexu abusu asko aspaldiko kasuak izanik argitzea zaila izango bada ere, sailburuak adierazi du horrek ez duela esan nahi ahalegina egin behar ez denik, “pertsona horiek aitormena behar dutelako, baita konpentsazio bat ere”.
Horretarako, gizartearen eta elizaren inplikazioa “beharrezkoa” dela gaineratu du, eta esan du hasiera-hasieratik elizbarrutia arduratsu jokatzen ari dela, “elkarregaz lan egiteko prestutasuna” erakutsi dutelako. “EAEko elizbarrutiak oso jarrera arduratsua hartu du. Hedabideetan Bizkaiko datuak agertu ziren lehenengo, eta oso jokabide ona erakutsi zuen Elizak. Geroago, batzordea sortu genuen, pertsona arduratsuek osatzen dutena, eta esan beharra dago lankidetzan ikerketa serio bat aurrera eramateko asmoz daudela, bakoitzak bere esparruan”, azaldu du.
Bermeoko Jose Done ikastetxeko sexu abusuen kasuan, ustezko egilea topatu du Madrilen EiTBk. Erkorekak dio “oso zaila” dela aldez aurretik jakitea egiletza frogagarria den ala ez: “Batzuetan froga oso nabariak daude, baina beste kasu askotan datu gehiago behar dira. Epailea da uste osoa izan behar duena. Zenbait kasutan testigantzekin nahikoa izan daiteke. Haka eta guztiz ere, kasu bakoitzean egoera alda daiteke”.
Erkorekak Bermeon gertatuakoarekiko kezka adierazteaz gain, harridura ere erakutsi du. “Ez nuen horrek berirrik, ezkutuan egon dira kasu horiek. Salaketa serioak dauden, eta beste gai batzuetan modura, ikerketa abiatu behar da”.