Mundakako eskolako komunak berrituko dituzte
Datorren ikasturterako prest eduki gura dituztela esan dute Mundakako Udaletik; lanok egiteko Hezkuntza Sailaren diru laguntza jasoko dute.
Datozen hilabeteetan Mundakako Udalak herriko eskolako komunak berrituko ditu. Hain zuzen ere, lehenengo eta bigarren solairuetako komunak egokitzeko lanak egingo dituzte, iriste erraztasuna ere hobetuz. Modu horretan, udalak ikastetxearen eta Gurasoen Elkartearen “eskaerak eta beharrak” erantzungo dituela azaldu dute.
Mundakako udal ordezkariek azaldu dutenez, lanok egiteko Eusko Jarlaritzaren Hezkuntza Sailaren diru laguntza jasoko dute, 23.374,86 eurokoa, hain zuzen.
Ikasturtea amaitu bezain laster hasi gura dituzte lanak egiten. Diotenez, Eusko Jaurlaritzak esan die 2022ko abuztuaren 31 baino lehen hasi behar dituztela lanak, eta abenduaren 31 baino lehen amaitu. Udalak, hortaz, espero du 2022-2023 ikasturtearen hasierarako komunetako egokitze lanak amaituta edukitzea.
“Albiste ona da Eusko Jaurlaritzak garrantzitsutzat jo izana komunetarako sarbidea hobetzeko lanak egitea”, esan du Mundakako alkate Irati Gondrak. Era berean, gobernu taldeak proiektu “ilusionagarriak” gauzatzeko lanean jarraitzeko asmoa duela iragarri du: “Mundakak aurrera egiten jarraitzea merezi du, eta horretan buru belarri lan egingo dugu hilabete hauetan”.
Gaineratu du, herritarrekin hartutako konpromisoak “bete” gura dituztela. Gainera, udalaz gaindiko gainerako erakundeekin “elkarlanean” jarraituko dutela dio.