Bakearen ikurra, gerrako umeak gogoratzeko eta bakearen aldeko mezua zabaltzeko
36ko gerratik ihesi, Errusiara alde egin behar izan zuten gerrako umeek Gernikako arbolaren bost oinordeko jaso dituzte gaur, horiek Errusian landatzeko.
1937ko ekainaren 13an, Gernika bonbardatu eta hilabete eta erdira, 4.330 ume Habana itsasontzian ontziratu ziren Santurtzin, erdiak euskaldunak, Frantziako Pauillac portura bidean, 36ko gerratik ihesi. Talde horretako 3.500 ume Lenningradera –gaur egungo San Petesburgora– eroan zituzten, eta horien artean egon ziren Azucena Fernandez eta Victoria Iglesias gerrako umeak. Gaur Batzarretxera gerturatu dira, eta Gernikako arbolaren bost oinordeko jaso dituzte, bakearen sinbolo diren zuhaixkak Errusian landatzeko helburuz. Zuhaixka horiek faxismoaren kontra borrokatu zirenak gogoratzeko eramango dituzte Errusiara, eta borroka horregaz zerikusia izan zuten leku historiko eta esanguratsuetan landatuko dituzte, memoria historikoa jorratzeko asmoz.
Gernikako arbolaren oinordeko bat Moskun haztea aurrikusi dute, Poklonnaya Gora memoria museoan, Hiotlerren tropen kontra borrokatu zuten euskaldunei eskainitako kaperaren ondoan. Beste bi San Petesburgera eroango dituzte; Lenningradeko Defentsaren eta Setioaren Oroimenezko Estatuko Museoan eta II. Mundu Gerran nazien setioan hildako borrokalarientzako lekuan egongo dira. Pushkin uriak (Tsarren antzinako herriak) beste ale bat jasoko du, gerrako umeak hartu zituzten etxearen ondoan ernatzeko. Bosgarrena Karelia eskualdeko lurrak defendatu zituzten euskaldunei eskainitako obeliskoaren ondora eramango dute, “tamainuz txikia baina sinbologiaz handia den eremura”. Zehaztu dutenez, bertan jasota daude han borrokatu ziren euskaldunen izen eta abizenak.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak egin die harrera Fernandez eta Iglesiasi, eta eurekaz batera egon da Marina Sokolova Sever-SESBko Gerrako seme alaben elkarteko presidenteordea. Izan ere, erakunde horrek bultzatu du aintzatespeneko ekitaldia. Arbolaren oinordekoen eskaera ofiziala egin zuen iaz, izan ere, ekainean 85 urte beteko dira itsasoratu eta Euskal Herritik alde egin behar izan zutenetik.
Harrera bikaina.
Fernandezek eta Isasik adierazi dute errusiarrek harrera “bikaina” egin zietela ume zirela, eta horregatik han landatu gura dituztela Gernikako arbolaren kimuak. “Kontatu ditugutenez, oso ondo hartu zituzten Errusian, eta gerrako haur haiek zein eskertuta eta zainduta sentitu ziren jakinarazi gura diete errusiarrei 85. urteurrenean”, jakinarazi du Otaduik. Halaber, adierazi du Gernikako arbolak duen bakearen aldeko esanahia eremu horretan zabaldu gura dutela, bakearen aldeko mezua helarazteko eta gerraren ideia guztiak ahazteko. “Gernikako arbolak han bakea loratzea gura dugu. Izan ere, gerretan denok galtzen dugu, ahulenek gehienek”, dio.
Fernandezek aitortu du Errusiara joatea “zorte ona” izan zela beretzat: “1937an alemanek eta italiarrek Espainia suntsitzen lagundu zioten Francori, eta orduan, munduko hainbat herrialdek umeak infernu horretatik ateratzea erabaki zuten, tartean Errusiak. Zorionez, umeak ateratzeko espedizio batzuk itsasoratu ziren, eta gerratik ihes egin ahal izan genuen. Guk zortea izan genuen. Errusiara ailegatu ginenean jendeak besarkatu eta musukatu egiten gintuen, baita jostailuak eman ere”.
Itsasontzitik jaitsi bezain laster, Lenningradera eraman zituztela jakinarazi du Fernandezek, hotel batean dutxatzeko eta janzteko. Jaten ere eman zieten, eta gero, gerrako umeak hartzen zituzten etxeetara eraman zituzten. “Umeen etxeetan banatu gintuzten, eta anai-arrebak ez banatzen saiatu ziren. Mediku errekonozimenduak egin zizkiguten, ondo zaindu gintuzten eta oso ondo tratatu. Errusiera irakatsi ziguten, eta Espainian zeuden liburuak errusierara itzuli zituzten guk irakurtzeko. Gure egonaldia oso zoriontsua izan zen, 1941a iritsi zen arte”.
Isasi, berriz, ez zuten Leningradera eraman, Moskura baizik. “Oso harrera ona egin ziguten. Jostailu asko genituen, eta nire lehen panpina eman zidaten. Gero, Bigarren Mundu Gerrak izorratu gintuen”, adierazi du. Moskutik korrika joan behar izan zuten, “bakoitzak ahal zuen modura”, Errusiako herri txiki batean babestera. “Urrutira eraman gintuzten eta bost urte egin genituen han. 1945ean, gerra amaitu zenean, itsasontzi batean sartu gintuzten eta Moskura eraman gintuzten berriro”. Hasieran espainieraz ikasi zuten, eta gero errusieraz. Ikasten ari zela esan zioten Isasiri lehenago edo geroago Euskal Herrira itzuli beharko zuela.