Euriak ez ditu txitxiburduntzietako sugarrak amatatu
Muruetan, Busturian eta Forun eta Gernika-Lumon egin dituzte txitxiburduntziak, zenbait girotze ekimenekin lagunduta.
Gaur, ohiturari jarraituz, Busturialdeko hainbat udalerritan suteak piztu dituzte, txitxiburduntzia egiteko. Koronabirusaren pandemia egoerak txitxiburduntzi edo sasikoipetsu ospakizunak bertan behera utzi beharra ekarri zuen iaz, baina, aurten, herritarrek txingarren inguruan biltzen dituen neguko zitaz ospatu ahal izan dute, aratusteen esperoan.
Busturialdean, besteak beste, Gernika-Lumon, Forun, Busturian edota Muruetan egin dute txitxiburduntzia. Guztiek domekaz ospatu dute aurten; halaber, gehienek ospakizunaren moldea ere amankomunean izan dute, mendi txango edo irteera bategaz hasi baitute eguna, erromesaldi partikular hori txitxiburduntzia egin duten auzoan amaitzeko. Gernika-Lumoren kasuan, ospakizuna 09:30ean hasi da. Goiz-Zale mendi taldeak antolatuta, oinez igo baitira Lumoko txokora; bertan egin dute sasikoipetsua.
Forutarrek ere antzeko zerbait egin dute: herriko udaletxe paretik Baldatikako txokora abiatu dira, 10:30ean. Txokoan, giroa epeltzeko musikaz gozatu dute hurreratutakoek. Hori bai, eguraldi petrala dela eta, txokoaren barrualdean egin behar izan dute txitxiburduntzia. Busturiarrek ere euriari aurre egin diote: 09:00etan Altamiratik abiatu eta Bizkaigane nahiz Metxika aldetik egindako mendi irteeraren ostean, ohiko legez, Paresi auzoko txokoan egin dute txitxiburduntzia. Gainera, txistu eta danbolin soinuek ere kanpoaldeko giro eskasa ahaztuarazi dute.
Muruetarrek, ostera, arratsaldez ospatu dute negu jaialdi berezi hori. 18:00etan herriko frontoian bildu dira herrikideak, eta bertan erre dituzte txorizo, txistorra eta urdaiak. 19:30ean, halaber, igel txapelketa egin dute, eta, ospakizun giroa biribiltzeko, txokolate janagaz amaitu dute eguna.