Naturan aske, eta babestuta
Mehatxatutako basafaunaren babeslekua da Basondo. Asko errekuperazio zentroetatik heltzen dira bertara, eta bertan bizi diren animaliei "ahalik eta bizimodu duinena" ematen saiatzen dira.
Sai arre batekin Basondoko familia handitu berri da. Gorlizeko errekuperazio zentrotik etorri da Kortezubira, eta bertara heltzen diren gainontzekoekin modura, berari ere «ahalik eta bizimodu duinena» eskaintzen saiatuko dira.
Hegoan lesio bat eduki zuen, eta sendatu badiote ere, falange bat apurtuta geratu zaio. «Berreskuratu ezina da»; horregatik ekarri zuten urtarrilaren 28an.
20 bat espezie desberdinetako 150 bat animalia daude gaur egun Kortezubiko zentroan.
Gorlizeko errekuperazio zentrotik ez ezik, Araban Martioda herrian dago izen bereko zentrotik, Espainiako eta Portugalgo zenbait zentroetatik ere etortzen dira. «Gipuzkoan Arranoaren Etxea ere badago. Animalia bat hona ekartzeko naturan bizitzeko berreskuratu ezina izan behar da. Zentro horietan saiatzen dira ahalik eta kontaktu gutxien izaten sendatzen dituzten animaliekin, guztiz sendatzen badira, animalia horiek berriro bueltatzen direlako naturara.Pila bat askotariko lesioekin geratzen dira, naturan euren kabuz ezin direnak bizi. Animalia horiek hil beharrean, gurearen moduko zentroetara ekartzen dituzte, helburu pedagogikoekin», azaldu du Nerea Larrabe Arano Basondoko arduradunak.
Legez kanpoko jabetzaren ondorioz aldundiak hartutakoak ere heltzen dira aipatu zentroetara, eta horietako batzuk ere Basondon izaten dituzte. Halaber, basoan abandonatuta utzi, eta topatutako kumeak ere heltzen dira. «Horiek gizakiaren kontaktura eginda edo eskuz hazita daudenez, ezin dira askatu».
Europako kontserbazio edo ikerketa programetan sartutakoak ere badira, bisonte europarra, adibidez. «Lehen Mundu Gura amaitu eta gero, gurearen moduko zentroetan hamalau bisonte geratu ziren bakarrik, horietatik gaur egun ia 7.000 dauzkagu. Batzuk bueltatu dira Poloniako Białowieża baso erraldoi horretara. Ia-ia berreskuratu egin da espezi hori, eta gu berreskurapen horren parte izan gara. Guretzat hori oso aberasgarria da. Egiten dugun lanak garrantzia handia dauka».
Norbanakoek emandakoak ere badituzte: «Maskota moduan erabilitakoak izaten dira normalean: narrastiak, dortokak, koballak, untxiak…».
22 urte lanean
Basondora heltzean egokitzapen epe bat edukitzen dute. Animaliak behatzen egoten dira, instalazioan sartzen dituztenean ondo egokitzen diren egiaztatzen dute. Normalean ez dutela «inolako arazorik» edukitzen zehaztu du Larrabek.
Nerea Larrabe Arano (Basondoko arduraduna): “Normalean animaliak guztiz sendatuta datoz gurera”
Espezie bereko beste animaliekin ipintzen saiatzen dira: «Ez dugu arazorik izaten. Animaliei ahalik eta bizimodu duinena ematen saiatzen gara, eta baita ere eurak bizi diren habitata apur bat imitatzen ere, euren inguruaren antzeko instalazioak ipintzen; euren beharretara egokitzen gara. Etxetik datozen animaliei batzuetan gehiago kostatzen zaie egokitzea, aina, fauna basatiak ez du inolako arazorik izaten. Normalean animaliak guztiz sendatuta datoz gurera, ez dugu zainketa berezirik eduki behar». Esaterako, orain dela bi urte arrano handi bat heldu zitzaien Errioxako errekuperazio zentrotik: «Hego bat guztiz falta zaio. Baina, ez zaio igartzen. Lasai-lasai bizi da, ondo jaten du eta ibili egiten da, eta ez dauka inolako zainketa berezirik».
2000. urtean zabaldu zen Basondo, eta Larrabek bederatzi urte daramatza bertan. Sorreratik, zentroaren eta proiektuaren zentzua ez dela aldatu dio, natura zaintzea eta natura errespetatzearen mezuak herritarrei eta datozen ikasleei helaraztea da euren beharra. Sentsibilizazio eta ingurumen hezkuntza jorratzen dute, beraz: «Programa pedagogikoak gaur egunera egokitzen saiatzen gara, etengabe ari gara instalazioak berritzen, eta komunikazioa ere aldatu dugu; teknologia berriekin horretara egokitu behar izan gara».
Kontzientziazioa
Helburu pedagokikoa ez eze, egiten duten kontzientziazio eta sentsibilizazio lana ere oso garrantzitsua dela azpimarratu du. «Errekuperazio zentroetatik datozenekin ere pedagogia egiten dugu; umeei hurbiltzen dizkiegu animalia horiek, hurbiletik ezagutzeko, euren ezaugarriak azaltzeko, umeek jakiteko gure inguruko basoetan bizi diren animaliak zeintzuk diren, ze ezaugarri eta habitat daukaten eta zelan jagon behar ditugun». Eta errekuperazio programetan sartuta daudenekin, adibidez, bisonte europarragaz, «beste ikuspuntu batetik» egiten dute lanketa: «Orain dela urte asko bisontea oso egoera larrian egon zen, eta gaur egun ia errekuperatuta dagoela azaltzen diegu, eta zer gertatzen den halako animalia bat errekuperatzen denean, zelan askatu ahal den, naturan birsartu desagertu den tokietara, noiz ezin den».
Beti ere, «Hezkuntzako Legea presente» daukatela dio, eta Haur Hezkuntzako umeei zein unibertsitateko ikasleei berdina azaltzen dietela, hizkuntza egokituta, azalpenak oso sinpleetatik teknikoagoetara, osatuagoetara ematen dituzte. «Denei azaltzen zaie berdina: natura zaindu egin behar dela, eta natura bizirik dagoen heinean geu ere bizirik gaudela. Hori da gure mezua, eta barneratzen txikitatik hasten bagara, gero, hobeto ulertuko dute naturaren garrantzia nagusirantza doazenean».
Bestalde, unibertsitate eta goi mailako zikloetako ikasleek praktikak egiten dituzte bertan, nekazaritza, ingurumena, albaitaritza edota basogintzagaz lotutako ikasketak egiten dituztenak. Euskal Herrikoak ez ezik Bartzelonako eta Madrilgo zenbait unibertsitatetik etorritakoak ere izan dituzte.
“Gure helburua pedagogikoa da, sentsibilizazio lana egiten saiatzen gara”
Orkatzak, mufloiak, katamotzak, otsoak, sai arreak, arrano handia, miruak, hontzak, karaboak, ugaztun txikietan katajineta, hudoak, azkonarrak, oreinak, adarzabalak, bisonteak, loroak, gualabiak, boa hertsatzaileak, tilikuak, gekoak edo dragoitxoak, inbaditzaileak diren dortokak, ardiak, ahuntzak, astoa, txerria… Asko dago ikusteko eta ikasteko. Astegunetan ikastetxeetatik hurbiltzen dira Basondora, eta asteburuetan, jai egunetan edota oporraldietan familiak eta kuadrillak.
Sorreratik gaur egunera bisitariak «gehitu» zaizkiela igarri dute. Batzuk Biosfera Erreserbara egiten duten txangoa edo egonaldia aprobetxatzen dute Basondo ezagutzeko: «Gero eta bisitari gehiago datoz, leku zabala delako, Biosfera Erreserban gaudelako… naturara hurbiltzen hasi da jendea. Uste dut apur bat kontzientziatu dela natura zaintzeak daukan garrantziaz, eta pandemiak halako zaplastada eman digula, eta hausnartu egin dugula. Nabaritzen dugu gero eta jende gehiago etorri dela pandemiatik hona. Sartzen diren pertsonak heltzen direnean, eta irtetzen direnean, desberdinak izatea gura dugu, hemendik irtetzen direnak zer edo zer eroatea, eta animaliekiko enpatia sortzea. Gauza polita da hori».