Hitzarmena sinatu dute kontserba eta arrain gazituen sektorean
LAB, UGT eta CCOO sindikatuek sinatu dute 2021etik 2024ra bitarteko hitzarmena. Besteak beste, Langileen 1.200 euroko gutxieneko soldata gordina bermatzea lortu dute. Jauzi "historikoa eta azpimarragarria" eman dela azpimarratu dute LAB sindikatuaren ordezkariek.
Urtarrilaren 31an aurreakordioa sinatu ostean, Bizkaiko kontserba eta arrain gazituen sektorean 2021etik 2024ra bitarterako hitzarmena sinatu zuten atzo [otsailak 17], LAB, UGT eta CCOO sindikatuek.
“Kontserberetako prekaritatearen puntu nagusia soldatak dira, eta argi geneukan soldaten igoera salto handi bat eman behar zela”, azaldu dute Busturialdeko eta Lea-Artibaiko LAB sindikatuaren ordezkariek.
Langileen 1.200 euroko gutxieneko soldata gordina bermatzea lortu dute. Gaur egun kobratzen ari direnetik, %14,39 igoera emango da datozen bi urteetan. 2024ko urtarrilaren 1ean hasiko dira kategoria baxuenak urtean 17.000 euro kobratzen. Bi urteko epe horretan igoerak ezartzen joango dira. “Aurtengo urtean igoera nahikoa indartsua izango da, %6,5ekoa igoera, 2020agaz konparatuta; kontuan hartu behar baita, 2022ko soldata igoeraz gain, 2021eko atzerapenak ere aurten jasoko dituztela”.
Beste bi urteetako igoerari dagokionez, 2023an 550 euro urtean eta 2024an 625 euro izatea adostu dute. Horrela, %14,39 igoera bermatu dute.
%14,39 igoera edukiko dute datozen bi urteetan
LAB sindikatuaren ordezkarien hitzetan, “ez da guztiz eurak nahi zutena”, baina enpresariek onartu dutena “salto azpimarragarria” da. Kontserberetan “jauzi” historikoa eman dela nabarmendu dute: “Halako saltoa sekula ez da eman”.
Euren iritziz, “ezin zuten aukera hau pasatzen utzi”: “Oso garrantzitsua da; jendeak urtean 1.200 euroko soldata gordina kobratzea lortu da, urtean 17.000 euro. 18.000-19.000 eurorarteko saltoa eman nahi genuen, baina, momentuz ezin da izan. Hiru urte barru hitzarmen berriztea egokituko da, eta ostera ere soldatetan aurrerapausoa emateko aukerak edukiko dugu”. Diotenez, salto hori aprobetxatu behar da hurrengo baterako prestatzeko. Lorpenak langileen borrokaren ondorio direla gogoratu dute.
Protokoloa. Eraso sexual, sexista zein sexu identitate eta adierazpen arrazoiengatik eta orientazio sexualagatik gerta daitezneek eraso-egoeretarako prebentzio, jarduketa eta izapidetze protokoloa hitzarmenan sartzea lortu dute.
LAB sindikatukoen ustez, “lehenengo aldiz”, sektore hitzarmen batera eraman da, “berezitasun bategaz”; orain arte, halako salaketekin lotutako protokoloetan enpresariak egin izan du ikerketa. Hitzarmenean lortutakoari esker, langileek–delegatuek edota langileen ordezkariek– parte hartuko dute ikerketan eta jarraipen batzordean: “Salaketa aztertzen parte hartuko dute. Guretzat hori puntu oso garrantzitsua izan da; patronalaren esku ez lagatzea, salaketa bat balego, berak ikertzea eta erabakitzea zigorra beharrezkoa den edo ez, eta zelako zigorra izan behar den”. Sektoreko enpresa guztiek hori betetzera behartuta daudela azpimarratu dute: “Argi daukagu enpresa txikietan ez dela aukerarik egongo halako negoziaketa bat emateko, eta puntu hori sektoreko hitzarmenean sartuta, enpresa txikiek ere errespetatu beharko dute”.
Bestalde, izatezko bikoteen atalari dagokionez, orain arte baimenak eta eszedentziak jasotzeko bikote bat ezkonduta egon behar zen edota izatezko bikote moduan erregistro publikoan egon behar zen. Orain, izatezko bikote moduan onartzeko ez dute zertan erregistratuta egon beharko, baina, beste modu batera frogatu beharko dute izatezko bikote direla. Hitzarmenean jasota daude frogatzeko moduak edota baldintzak. Ondorioz, ezkonduta daudenen moduko baimenak eta eskubideak edukiko dituzte: “Bai elkar laguntzeko, enpresatik irtetzeko, medikuarengana joateko… baimen guztiak hartzeko eskubidea edukiko dute nahiz eta inon erregistratuta ez egon”.
Txandakako kontratuei dagokioena da jaso duten beste puntu bat da: “Legea apur bat hobetzen du, ez askorik, baina, uste dugu garrantzitsua dela hitzarmenean bertan agertzea; hau da, txandakako kontratua oso gutxi erabiltzen da sektore honetan, langile gehienak 45-50 urtetik gorakoak dira, eta jende gaztea ez dator hona beharrera. Beraz, txandakako erreleboko kontratu honek, enpresetan mota honetako kontratuak egitera bultzatzen du”.
LAB sindikatua: “Urtean 1.2000 euroko soldata gordina kobratzea lortu da, urtean 17.000 euro. 18.000-19.000 eurorarteko saltoa eman nahi genuen, baina, momentuz ezin da izan”.
Aldizkako-finkotasuna kontratua daukaten langileentzat ere lorpen esanguratsua lortu dutela zehaztu dute LABeko kideek. Orain arte antzinatasunaren batura egiteko, euren lanegunak kontatzen zizkieten. “Aldikakoak direnez, urtean sei-zortzi hilabete behar eginda, urte horretan epe horretako antzinatasuna pilatzen zitzaien. Orain, Europako agindu bat irten da, eta hori hitzarmenera ekarri dugu; nahiz eta sei hilabete lan egin, urte osoko antzinatasuna kontatuko zaio langileari”.
Bestalde, langileen kategoriak aztertzeko batzorde bat eratzea adostu dute, eta horrela jaso dute hitzarmenean. Gehienez, hemendik sei hilabetera batu beharko dira batzordekideak. LABekoen esanetan, “urteak daramatzate” kategorien errealitatea zein den aztertu barik. Besteak beste, kategoria batetik bestera pasatzea zelan egin behar den aztertuko dute batzordean: “Hori den hori lantzeko batzordea sortzea erabaki da, ikusiko dugu akordioetara ailegatzen garen edo ez, baina, behintzat lanketa egingo da”. Halaber, batzorde horretan berdintasun planak ere landuko dute.
Hain zuzen, orain arte hitzarmenean egon ez diren zenbait kategoria ere jaso dituzte, patronalaren proposamenez. “Lan horietan ari diren komertzialak eta saltzaileak ez zeuden hitzarmenean katalogatuta, eta eurak beharrezko ikusten zuten. Eta guk ere onartu genuen”.
ELA sindikatuak ez du hitzarmena sinatu. LAB sindikatuaren eskualdeko ordezkariek azaldu bezala, LAB, UGT eta CCOO “parte sozialeko ia %60” daukate, beraz, gehiengoak sinatu duenez, hitzarmena eragin orokorrekoa da; hau da, enpresa denek ezarri eta bete beharko dute.