"Euskal Herriko txapelketarik handiena da Gernikakoa"
Entrenatzailea zara eta oraindik afizionatu mailan jokatzen jarraitzen duzu. Zelan dago zestaren egoera gaur egun?
Oinarriari begira, zesta-puntaren egoera ez dago hain txarto. Duela lau edo bost urte Xistera ekimena osatu genuen, eta zesta eskola denek parte hartu zuten bik izan ezik. Lan handia egiten ari gara, batez ere afizionatu mailan. Azken bi urteetan, COVID-19a dela eta, diru laguntzak murriztu dira, eta antolatzen genituen ekintzetako asko bertan behera geratu behar izan dira. Hau da, bi urteko etenaldi bat izan dugu gure jardueran. 2022an espero dugu berri martxan jartzea eta afizionatu maila berriro berpiztea.
Profesionaltasunera jauzi eginez, Daniaren itxieragaz ate bat itxi da, baina Euskal Herrian beste bat zabaldu.
Jakina zen arinago edo beranduago Ameriketako amets hori amaituko zela, denbora kontua zen. Ez da inoiz jasotzeko albiste gozo bat izango, baina hala heldu da. Denok argi eta garbi genuen Estatu Batuetako txapelketak amaitzen zirenean Euskal Herrian lehiaketaren bat zabaltzea nahi genuela, eta zorionez, bide horretan gaude. EITBk eta beste eragile batzuek asmo argiak dituzte zestaren aldeko apustu handia egiteko, eta hori oso garrantzitsua da gure kirolarentzat. Azkenean, nire ustez, eta datuek eta historiak hala erakusten dute, zesta frontoiko pilota modalitate internazionalena da. Orain, ordea, etxean etorkizun oparoa nahi dugu.
Hasteko, Gernika, aro berri honi hasiera emateko aukeratutako frontoia.
Zesta munduan plaza handi asko daude, baina azkenengo urteetan eta batez ere momentu honetan frontoirik garrantzitsuena da Gernikakoa. EITBren apustuetako bat zen frontoia plato bat bailitzan erabiltzea eta, horretarako, oso egokia da Jai Alai.
Plato horretan zaude aditu lanetan, zelan ikusten duzu zeure burua?
Ez dut nire burua aditutzat hartzen. Zesta munduan umetatik nabil, entrenatzailea naiz eta ordu asko igaro dut frontoian. EITBren deia jaso nuen, eta oso gustura nabil. Aurretik, irailean eta urrian, Hondarribiko Gran Slamean ere esatari aritu nintzen lauzpabost partidetan Iñigo Gorostolan ordez. Berak Ameriketan geratzeko erabakia hartu zuen eta horregatik hartu nuen bere lekua. Eroso aritu nintzen, errepikatzeko modukoa izan zela iruditu zitzaidan.