Domekan batuko dira txitxiburduntzia egiteko
Busturian, Foruan, Gernika-Lumon eta Muruetan suak piztuko dituzte txorizoak erretzeko.
Aratusteen zain, neguko usadioekin aurrera jarraituko dute bertoko herri batzuetan, iazko geldialdiaren ostean. Basatozte, txitxiburduntzi, sasikoipetsu… herri bakoitzak bere esateko modua du, eta ospatu ere, bakoitzak bere erara egiten du. Hori bai, gehienetan, denetan ez bada, txorizo errea dastatzen dute.
Busturialdeko herrietan domekan batuko dira txitxiburduntzia egiteko: Busturian, Foruan, Gernika-Lumon eta Muruetan.
Busturiarrek, ohi legez, Paresin egingo dute txitxiburduntzia. Txorizo erreak egin aurretik, baina, mendi martxa egingo dute. Horretarako, gura dutenek Altamira auzoan egon beharko dute 09:00etan.
Foruarrek ere, oinez egingo dute Baldatikarako bidea. 10:30ean abiatuko dira udaletxetik, eta ordu bat beranduago egingo dute txitxiburduntzia auzoko txokoan.
Goi-Zale mendi taldekoek ere ohiturari eutsiko diote, eta Lumorako joan-etorria oinez egingo dute. Lumoko txokoan egingo dute txitxiburduntzia.
Muruetarrek, berriz, domeka arratsalderako utziko dute sua piztearena. Frontoian batuko dira txorizoak erretzeko eta, ostean, igel txapelketan parte hartzeko aukera edukiko dute.
Egitarauak, herriz herri:
Busturia
Domeka (otsailak 20).
– 09:00. Mendi martxan joango dira Altamiratik abiatuta.
– 13:00. Musika eta txitxiburduntzia, Paresin.
Forua
Domeka (otsailak 20).
– 10:30. Baldatikara oinez joateko hitzordua jarri dute udaletxe aurrean.
– 11:30. Baldatikako Txokoan batuko dira txitxiburduntzia egiteko. Bakoitzak bere ogia eta txorizoa eroan beharko ditu
(musika jarriko dute ekimena girotzeko).
Gernika-Lumo
Domeka (otsailak 20).
– 09:30. Goi-Zale mendi taldeak antolatuta, oinez joango dira Lumora. Gernika-Lumoko udaletxetik aterako dira. Joan-etorria oinez egingo dute. Lumoko txokoan egingo dute txitxiburduntzia. Parte hartzaileek 3 euro ordaindu behar dituzte. 12 urtetik beherakoentzat doakoa da.
Oharra: atzo zen ekimenean parte hartzeko izena emateko azkenengo eguna.
Murueta
Domeka (otsailak 20).
– 18:00. Txitxiburduntzia, frontoian.
– 19:30. Igel txapelketa.
– Ondoren, bertaratutakoentzako txokolatea.