Lucas Fernandezek Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaile laguntzaile izateari utzi dio
Hozono Global Jairis taldeko lehen entrenatzailea izatera igaroko da, orain arte eginbehar horretan ibilitako Victor Verduren ordez.
Lucas Fernandezek Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeko entrenatzaile laguntzailea izateari utzi dio. Ciudad Realeko (Gaztela-Mantxa, Espainia) entrenatzailea, aurrerantzean, Hozono Global Jairis taldearen kirol proiektuan abiatu da. Fernandez aldi luzez Quesos El Pastor taldeko lantaldean ibilitakoa da. Orain Hozono Global Jairias entrenatzaile lanetan ibilitako Victor Verduren ordez; azken horrek, izan ere, bere postua utzi behar izan du, ikusmen arazo bat tarteko. Zamorako Quesos el Pastor saskibaloi taldean bost denboraldi egindakoa da; horietako hiru lehen entrenatzaile gisa egin zituen, eta gainontzeko biak, aldiz, entrenatzaile laguntzaile modura.
Etapa berri honetan, domekan [otsailaren 20a] zuzenduko du ligako lehen partidua, Celta Zorka Recalvi taldearen kontrako norgehiagokan. Fernandezek eskarmentu handia du, oro har, emakumezkoen saskibaloiaren alorrean eta, bereziki, Emakumezkoen Endesa Ligan: azken lau denboraldietan Lointek Gernika Bizkaiako bigarren entrenatzailea izan da. Horrez gain, azken hiru urteetan emakumezkoen Espainiako 14 urtez azpiko selekzioko lantaldean ere ibili da.
Gernika KESBk eskerrak eman dizkio Fernandezi, eta argitu dute saskibaloi elkartearentzat ere “berri oso ona” dela Fernandez talde baten buru ikustea. Elkarteak gogoan izan du Fernandez Lointek Gernika Bizkaiako azken urteotako lorpenetan “partaide oso esanguratsua” izan dela, eta entrenatzaileari zorterik onena opatu dio, hala bere arlo profesionalean, nola pertsonalean.