Arestiren lorratzei jarraituz
Karmelo Landak ‘Bilbon dabil Gabriel Aresti’ argitaratu du, eta barikuan Eako Eskolondon aurkeztuko du. Liburuko lekuetatik bisita gidatuak ere egiten ditu.
Gabriel Arestik euskal literaturari, herrigintzari, kulturari eta ondareari egindako ekarpena aitortzeko asmoz ondu du Karmelo Landak Bilbon dabil Gabriel Aresti liburua. “Harro eta pozarren” ageri da, eta bistan da bere historialari, ikerlari eta irakasle ibilbidean Aresti zutabe izan duela. “43 urte eskaini dizkiot Gabriel Arestiren inguruko informazioa funtsezko ikerketa ildo bezala aztertzeari”, dio.
Aspaldikoa du liburua idazteko asmoa: unibertsitatean irakasle zebilenekoa. 1986an, Arestiren heriotzaren hamargarren urteurrena bete berritan, Landak argitaratu bariko eta arinagoko hamarkadetan zentsura jasandako lanen aldeko apustua egin zuen; besteak beste, Susa argitaletxeko Gorka Arrese buru zuen lantalde bat sortu, eta Landa arlo akademikoaz arduratu zen; Arestiren obra osoa batu zuten hamar liburutan. Lan haregaz jaio zen orain ernaldu den liburuaren hazia.
Landak “ertz biko liburua” ondu du: “Egitura aldetik road movie itxura izan arren, mamia saiakeraren tankerakoa dauka”. Saiakera kutsuak Arestiren ekarpenei keinu egiten die; leku batetik besterako ibilbide itxurak, baina, mugimendu sentsazioa transmititzen dio irakurleari. Lanaren nondik norakoak bihar argituko ditu Eako Eskolondon emango duen aurkezpen eta berbaldian.
Pandemia orduko, lanaren bideragarritasuna bermatzeko “bidelagunik egokienak” topatu zituen: Bilboko Udala, Kafe Antzokiaren inguruan antolatutako Gabriel Aresti Kultura Elkartea, BilbaoArte fundazioa eta Erroa argitaletxea. Kolaboratzaile horiekin guztiekin eta Landak ordura arte egindako beharragaz, liburua “ia-ia prest” zegoen argitara emateko, duela bizpahiru urtetik.
“Aresti folkloretik ateratzeko eta egungo Bilboren ikuspuntutik ezagutzeko lana” modura definitu du. “Pasarte bakoitzean garaiko Bilbo islatzen saiatu naiz, eta uste dut isla hori egungo Bilbo ulertzeko baliogarria dela”. Uriaren egungo nortasuna azaltzeko, orainaldian idatzi du Arestiren ibilaldi partikularra, idazlea 1975ean zendu arren.
Bere aitaren etxean hasiera
Aresti protagonista eta Bilbo ardatz dituen ibilbidea non hasiko, eta bere aitaren etxea izandakoan. Keinu txiki bat egin gura izan dio bilbotarraren poemarik ezagunenari: “Bere testuetatik esanguratsuena da mundu mailan, 740 itzulpen ingurugaz, eta liburuari hasiera emateko era egokiena, zalantza barik”.
Etxe hori Barroeta Aldamar kalean zegoen, Bilboko portuaren eta aduanaren aurrean. Eremu horretan ikusi zituen Arestik bere nazio, kultur eta hizkuntz ikuskera izango zenaren lehen zantzuak: “Euskararen presentziarik gabeko Bilbo hartan, atezain euskaldun bat ezagutu zuen Arestik, eta langile hark euskara eremu pribatura mugatzen zuela kargutu zen”. Pasadizo hartatik hasi zen bilbotarra bere hirian hain arrotz sentitzen zuten hizkuntzaz interesatzen; 12 urtegaz, euskara ikasteari ekin zion. Hori bitxitzat du Landak: “Arestik ez zuen transmisio fokuetatik (eskola eta familia) euskararik jaso, bere kasa ikasi baitzuen”.
Liburuak, jarraian, Albia lorategira darama irakurlea: Aresti ikasle ibilitako Berastegi eskolara. Hurrean zegoen, halaber, Sabin Etxea: Aranatarren jatorrizko familia etxea. “Arestik 3 urte zituela, falangearen egoitza bihurtu zuten lehenik; ostean, goitik behera eraitsi, eta hondakinak itsasora bota zituzten frankistek, euskal nortasuna hondoratzeko”, azaldu du Landak. Hirugarren atalean, Arestik artearekiko zeukan pasioa ageri da, eta Bilboko Arte Ederren Museoa nahiz Euskalduna Jauregia erakusten dira, “orduko eta egungo Bilbo bien erakusle”.
«43 urte eman ditut Gabriel Aresti aztertzen; liburu hau horren emaitza da»
Euskaldunatik hurre topatu zuen bere lehenengo lanpostua Arestik, Zorrotzako kaian; horrez gain, eremu horretan piztu zitzaion bere poesia sozial eta hiritarra, langile euskaldunekin eta atzerritarrekin beharrean ibili baitzen. Handik gertu zegoen Concordia kafetegia ere; Aresti bertako tertulietara joaten zen, eta idazle euskaldun eta erdaldun piloa ezagutu zituen.
Bilbok eta, zehazki, hiriko eremu horrek idazlearen ekarpena “ez duela behar adina eskertu” adierazi du Landak. Izan ere, idazlea hil eta urte gutxira, hari omenaldi iraunkor bat egitea pentsatu zuten inguru horretan, artean Guggenheim eraiki gabe zela; Gorbeiatik eroandako haritz kimu bat landatu, eta monolito bat jarri zuten, liburuko atal horretan ageri den Bizi-buruko testamentua olerkiagaz.
Handik urte batzuetara, gauez desagertu zen, bat-batean. Landak tristeziaz azaltzen du desagerpenaren arrazoia: “Denboragaz ezagutu genuen Iñaki Azkunak, sasoi hartan Bilboko alkate zenak, isilpean agindu zuela; batzuen buruetan eta hiri diseinuetan, Bilbo berriak ez zeukan lekurik Aresti moduko egile batentzat, eta are gutxiago uriaren erdialdean”.
Bilbotarrak Jorge Oteiza eskulturagileagaz eduki zuen elkarrizketa ere landu du Landak, artisten klase kontzientziagaz «oso estu lotuta» dagoen kapituluan. Arestik “herritar guztientzat eta xumetasun osoz” sortzen zuela dio Landak, eta Oteizaren obra, ostera, “elitista eta ulertezina” zela herritarrentzat: “Arestik Harri eta herri literatur maisulaneko olerki bat eskaini zion Oteizari; bertan azaltzen zuen bere literatura Bilbon eta langile jendearengandik hurrean sortzen zuela. Oteiza, ostera, beste inguruabar batzuetan mugitzen zen, Arantzazun ondu baitzuen bere obra artistikoaren zati nagusienetakoa, hau da, herritarrengandik urrun. Arte ekoizpenaren eztabaida hori, nik uste, oraindik oso presente dago egun”.
«Bisita gidatuetan liburuan kontatzen direnak haragitzen saiatzen naiz»
Artisten arteko eztabaidatik artisten arteko elkarlanera doa Landaren liburuaren hurrengo kapitulua: Bilboko Plaza Berria eta Euskaltzaindia lantzen ditu horretan. Federiko Krutwig, Xabier Kintana, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi edo Koldo Mitxelenagaz batera, euskara batuaren eredu sortzaileetako bat eta euskarazko literaturaren egile iraultzaileetako izan zen Aresti, eta liburuaren zati horrek hizkuntzalaritzan egindako izugarrizko lana aitortzen du.
Era berean, liburuak ohitura eta berrikuntza uztartzea du xede eta, horrenbestez, Plaza Berritik behinola Plaza Zaharra izandakora darama irakurlea, Landaren ustez, “Bilboren benetako iturburura”: San Anton zubi eta eliza aldea. Bilbok eta Arestik mundu osora begira izandako eragina aztertzen du, gune horretan zeuden-eta nazioartean esportatzen eta inportatzen ziren merkantzien kontrolerako guneak.
Azken-aurreko kapituluak gordetzen du, dena dela, liburuko saltorik potoloena: Aresti Busturialdera bizitzera joan zenekoa. Landak argitu duen modura, bere bizitzaren sasoi hartan ahul eta nahikoa gaixorik zebilen Aresti; hortaz, medikuak orduko Bilbo gris eta industrialetik espazio lasaiago batera mugitzeko agindu zion, eta familiak hango etxea saldu zuen, Eara mugitzeko. Bertan, beste aktibismo mota bati ekin zion bilbotarrak.
1974an, zentral nuklearren aroa puri-purian zegoela, Arestik bere hautu antinuklearra plazaratu zuen, Enaden begiak olerkiagaz. Testu hartan, amaitzear zegoen Lemoizko esparru nuklearraren eta Ogellan (Ispaster) egitekoak ziren zentralaren kontrako ikuspuntua zabaldu zuen. “Bere hitzetan, Ea, Elantxobe eta, oro har, Busturialdea euskaldunon enararen errepresentazioaren begiak ziren, eta agintarien inposizioek enara hori itsutu baino ez zuten egiten”.
Hasieraren bide beretik dator liburuaren amaiera: etxetik. Horretarako, Arriaga Plazara egiten du salto. Landak argi du: “Arestirentzat Bilbo bera da etxea eta, horregaz batera, Euskal Herria ere bai. Etxea ez du espazio fisiko bezala ulertzen; harago doa, bere etxea alegorikoa da”.
Ordura arteko elementu sinbolikoek (Gernikako Arbola, abertzaletasun jeltzalea, Jaungoikoa eta Lagi Zarra, txapela…), Arestiren ustez, jada ez zuten balio guztiz eraldatuta zegoen Bilbo batean; hortaz, balio erantsi hori zeukaten sinbolo berriak bilatu zituen bere poesiaren bidez. Arestiren sinbologia “guztiz binarioa” dela azaldu du Landak: “Aitaren etxea eta amaren sua, euskara eta ogia, Oinaz eta Ganboa, mailua eta harria eta abar”.
Idazketa prozesuaz galdetuta, “zinez luzea” izan dela dio. Bestalde, erabilitako bibliografia orokorra eta oharrak kendu egin ditu argitalpenetik. Hori bai, teknologia berriak baliatu ditu, liburuak material hori guztia pilatzen duen QR kodea ere badakar-eta liburuak.
Testuen haragitzea
Landak bisita gidatuak ere ematen ditu, lanean agertzen diren Bilboko txoko guztietan zehar. Bisitotan, Aresti eta Bilbogaz lotutako guztiak aurrez aurre azaltzen dizkie bertaratzen direnei. Hiriaren erreferentziazko idazle izandakoari merezi duen lekua gordetzea bilatzen du bisita gidatuekin: “James Joice Dublinen edo Charles Baudelaire Parisen besteko idazle zentrala beharko luke izan Arestik Bilbon; bisitetan liburuan kontatzen eta agertzen diren guztiak eta lekuak eurak ere bertatik bertara haragitzen ditugu”.
Koronabirusaren pandemia egoera dela eta, oraingoz talde txikiak baino ez ditu hartzen Landak bere bisitetan, baina, dena dela, orain arte egindakoekin eta jasotako harreragaz “zeharo pozik” ageri da, jendea Arestiren eta Bizkaiko hiriburuaren arteko loturaz interesatuta sumatzen baitu.
Proiektuaren azken ertza Gabriel Aresti Kultur Elkarteko Xabier Monasteriogaz Bilbo Hiria irratian ateratako audio sorta da: “Audioliburu baten antzeko zerbait sortu dugu elkarlanean, eta kapituluka-kapituluka azaltzen dugu lanean ageri diren guztiak”.