'Guernica' Euskal Herriratzeko eskatu du Idurre Bidegurenek senatuan
Miguel Iceta Espainiako Gobernuko kultura ministroak "arrazoi teknikoak" eman ditu ezezkoa argudiatzeko: "Arriskutsua izan liteke".
EH Bildu taldeko senatari Idurre Bidegurenek Guernica koadroa Euskal Herriratzeko eskatu zion atzo Miguel Iceta Espainiako Gobernuko kultura ministroari senatuan. Icetak “arrazoi teknikoak” eman zituen ezezkoa argudiatzeko.
Picassoren lana Euskal Herriarentzako “artelan handi bat baino zerbait gehiago” dela arrazoitu zuen Bidegurenek, faxismoaren aurkako sinboloa “artearen eta salaketaren arteko sinbiosia” irudikatzen duen obra dela esanez: “Mundu osoan zehar bidaiatu zuen, baina inoiz ez zuen euskal lurraldea zapaldu”.
Guernica, gainera, euskal lurraldetik “oso urrun” dagoela esan zuen senatariak, ez bakarrik fisikoki, baita emozionalki ere: “Gogora Institutuaren arabera, Francoren agindupean, 1936 eta 1937 urteen artean, 2.000 bonbardaketa inguru egon ziren euskal lurretan. Zalantzarik barik, pasarte adierazgarrienetako bat da Gernikakoa. Suntsituta geratu zen herria, suntsituta familiak, eta suntsituta airetik bonbardatu zituzten herritarrak”.
👏 Faxismoaren aurkako ikur den #Gernika artelana Euskal Herrira ekartzeko eskatu dio @IdurreBideguren senatariak Kultura ministroari.
— EH Bildu (@ehbildu) February 15, 2022
«Arrazoi teknikoak» eman ditu Icetak ezezkoa argudiatzeko: «Arriskutsua izan liteke»
📲 https://t.co/xhv4HPqUgw#GernikaGernikara | @GGernikara pic.twitter.com/aDVgBlpn4R
Senatariaren berbetan, ez zen kasualitatea izan Gernikako bonbardaketa. “Euskal herritarren erreferentea zen Gernika, hilabete batzuk lehenago bertan sortu baitzen Euskal Gobernua. Helburu taktikoak eta estrategikoak egon ziren, eta izua piztea zen euren asmoa”, esan zuen Bidegurenek.
Halaber, gogoratu zuen Francok ez zituela bere gain hartu gertakariak, eta “gorriei eta separatistei” leporatu ziela Gernika suntsitu izanaren erantzukizuna. “Zoritxarrez, hori da gaur egungo adierazpen ofizial bakarra”, azpimarratu zuen.
Hori oinarri hartuta, Bidegurenek salatu zuen Espainiako Gobernu batek ere «ez duela memoria berreskuratzeko lanean» lagundu: “Batek ere ez du deklarazio hura zuzendu. Gauza batzuk konpontzea ezinezkoa da, baina egia berrezarri egin beharko litzateke”. Apirilaren 26an Gernika bonbardatu zutela 85 urte beteko dira, eta koadroa lekuz aldatzea “keinu ona” izango litzakeela adierazi zuen: “Transmititzen duen minaren interpretazioa mina jasan duen herritik egin behar da”.
Icetak, bere aldetik, gerran gertatutako krimen guztien erabateko gaitzespena agertu zuen, “eta bereziki Gernikakoarena, herri zibil babesgabe baten aurkako bonbardakerta izan zelako”.
Hala ere, txosten tekniko guztiek koadroa ez lekualdatzea gomendatzen dutela esan zuen. “Nik ez dut zalantzarik mina aitortzeko modu bat izango litzatekeela, baina krimen handiagoa litzateke sinboloa izan den obra bat arriskuan jartzea; ez bakarrik euskaldunen eta espainiarren askatasunaren sinboloa delako, baita gerrak gorrotatzen dituzten munduko herritar guztien sinboloa delako ere”.