Andoaingo Piano jaialdian "emaitza bikainak" eskuratu dituzte Julia Foruriako musikariek
17. Andoaingo Piano Jaialdia ospatu dute asteburuan, eta Julia Forura ikastegiko ikasleen lana bikaina izan da. Guztira, urrezko sei domina eta zilarrezko hiru domina lortu dituzte.
Andoaingo 17. Piano Txapelketak 555 piano jole batu ditu aurten, eta bertan izan dira Busturialdeko musikari gazteak. Iaz egin legez, aurten ere segurtasun tarteak errespetatzeko asmoz, bakarlari modalitatea besterik ez da egon, lau eta sei eskutara modalitateak kenduta.
2008az geroztik urtero aurkeztu dira piano jaialdira Gernika-Lumoko Julia Foruria musika ikastegiko piano joleak, eta azken urteetan modura, aurten ere “emaitza bikainak” eskuratu dituztela adierazi dute arduradunek. Bederatzi musikarik parte hartu dute, eta urrezko eta zilarrezko dominak eta agiriak jaso dituztela zehaztu dute: “Aurten ere piano joleen lanak fruitu ederrak eman ditu, urrezko sei domina eta zilarrezko hiru domina lortuz”.
11 urtera arteko modalitatean Anahi Ojinaga, Irati madariaga, Markel Arrazua eta Ohian Mugira aritu dira. 14 urtera artekoan, berriz, Aiora Alonsok, Garazi Uriak, Maialen Ugaldek eta Unai Bellosok erakutsi dute ikasitakoa, eta 18 urtera artekoan Danel Ugaldek parte hartu du.
Musika ikastegiko irakasleek esan dute esperientzia “ederra” izan dela piano jole gazteentzat, eta datorren urtean itzultzeko ilusioz daudela.