'Hirira doan bidea' liburua aztertuko dute Bermeoko Irakurleen Txokoan
Natalia Ginzburg idazleak idatzitako liburua Pello Lizarraldek euskaratu zuen italieratik.
Hilabete honetako hirugarren eguena izanik, Bermeoko Udalaren Euskara Sailak antolatzen duen Irakurleen Txokoak hitzordua dauka etzirako. Otsaileko hitzorduan Natalia Ginzburg idazlearen Hirira doan bidea aztertuko dute parte hartzaileek. Igela argitaletxeak kaleratu zuen 2001. urtean, eta italieratik Pello Lizarraldek euskaratu zuen.
Ohi legez, liburutegiko beheko solairuan batuko dira, 18:30etik 20:00etara, eta Arrate Egaña idazleak dinamizatuko du saioa.
Irakurleen Txokoaren helburuak honakoak dira: Irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lanak ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.
Taldea hilean behin batzen da. 2011n hasi zen ekimena Bermeon, eta parte hartzea doakoa da. Gura duenak udal liburutegian izena eman dezake; bertara hurbildu, izena eman eta hurrengo hilabeterako liburua jaso besterik ez du egin behar.