Gernika RT-Getxo RT, emaitza onen boladari eusteko prest
La Unicaren kontrako Urbietako partiduan 32-10 gailendu ostean, datozen norgehiagokei itxaropentsu begiratzen die taldeak.
Gernika RT-Getxo RT taldeak, orain arteko sentsazio onei eutsiz, La Unicaren kontrako partidua irabazi zuen, Urbietan, iragan zapatuan. Gernikako taldekoak “gustura eta asebeteta” geratu dira 32-10eko markagailuagaz partidua irabazi izanaz, baina aitortu dute era berean “neurria hartzeko oso zaila” izan zela. Izan ere, 15. minutuan partiduak etenaldi esanguratsu bat izan zuen: “La Unicako jokalari batek kolpea hartu zuen, eta esku-ohean atera behar izan zuten zelaitik, oso minduta”.
Geldialdi hark, azaldu dutenez, galarazo egin zien erritmoari eustea, eta partiduan berriz kokatzera derrigortu zituen Gernika RT-Getxo RTko jokalariak. “Geldiuneagaz batera, etsaiaren lerroetan hutsuneak topatzea asko kostatu zitzaigun, eta oso gogor saiatu behar izan ginen lan horretan”. Saiakera horretan, baina, Urbietara hurreratutako jendearen berotasuna faltan izan zuten: “Beste batzuetan baino ikusle gutxiago izan ziren, eta hori ere nabaritu egin genuen; sinistu ala ez, ikusleak taldearen moralari eusteko guztiz beharrezkoak dira, eta aurrerantzeko zitetan jendea Urbietara hurbiltzea espero dugu”.
Minutuen joan-etorriagaz, norgehiagokaren ardura hartzeari ekin zioten, eta bigarren zatian hasi ziren beren jokoa gura bezala erakusten. La Unicak, gainera, bigarren lesionatu bat ere izan zuen bigarren aldi horretan, eta etxekoek ezbehar horri etekina atera zioten. “Partidua geldialdiz betetzen denean, ez da erraza maila onari eustea, baina, era berean, aitortu behar da La Unicaren lekuan egotea are txarragoa dela, beren lantaldeko jokalari bik min handia hartu baitzuten [bat belaunetik lesionatu zen; bestea, ostera, sahietsetatik], eta, nolanahi ere, maila onean ibili baitziren”.
Partidua geldialdiz betetzen denean, ez da erraza maila onari eustea
Gernika RT-Getxo RT taldekoen jokoa, halaber, apurka-apurka “hobetzen eta maila igotzen” ari dela adierazi dute. Partaide bakoitzak bere jokatzeko moldea taldearen mesedetan aplikatzen ikasi duela diote, eta horrek “solidotasun handia” ematen diola jokoari, ikuspegi orokorrean. Taldekideek zelaian eta zelaitik kanpo elkar ezagutzeko egindako lanaren erakusgarria da hori. Arerioari dagokionez, La Unicaren zelaian jokatutako norgehiagokan lantalde gaztea eta eskarmentu murritzekoa aurkitu zuten, eta eskarmentu falta hori baliatu zuten, hain zuzen ere; Urbietako partiduan, baina, La Unicak zenbait jokalari desberdin zelairatu zituen. “Jokalari desberdinak izan arren, lau hilabete pasatu dira lehendabiziko partidutik, eta igarri genuen haiek ere maila altuagoan dabiltzala”. Ildo horretan, partidu ia osoan jokalari bat gutxiagogaz ibili arren, La Unicaren defentsa lan sendoa azpimarratu dute Gernika RT-Getxo RTkoek.
Argitu dutenez, taldea gero eta sendoago dago, trabak traba: “Bederatziaren postuan ibili zen jokalariak ez zuen eskarmenturik postu horretan, eta hamarraren postuan ibilitakoa ere hiru asteko lesio batetik zetorren; ondorioz, egokitzapena falta zitzaiela igarri genuen, partidu oso txukuna egin arren”. Hurrengo partiduetara begira, postu horiek indartzeaz gain, “jokorako ideia argiagoak izatea” dute helburu.
Martxoan izango ditu Gernika RT-Getxo RT taldeak hurrengo hitzorduak, Elorrioren kontra lehenengo eta Durangoren aurka ondoren. Elorrioren zelaia bisitatzeaz galdetuta, “partidu oso-oso gogorra” izango dela uste dute. Izan ere, eskarmentu handiko eta joko sendoko taldea dela diote. Durangoko taldeaz ere modu beretsuan mintzo dira: “Betidanik kostatu zaigun talde horietako bat da. Gainera, euren zelaia artifiziala da eta Urbietakoa, aldiz, belar naturalezkoa; kontraste horrek ere egokitze bat eskatzen du, mailari euste aldera”.