36ko gerrari buruz artista gazteek duten perspektiba jaso du Bakearen Museoak
'Desegindako oroitzapenaren aurrean: memoria eta Gerra Zibila' erakusketa apirilaren 20ra bitartean ikusi ahalko da Gernika-Lumoko Bakearen Museoan.
36ko gerran sakondu dute euskal artista gazteek, eta euren perspektibak jorratuta, hausnarketara bideratu gura dituzte ikusleak Desegindako oroitzapenaren aurrean: memoria eta Gerra Zibila izeneko erakusketan. Apirilaren 20ra bitartean Gernika-Lumoko Bakearen Museoan egongo da ikusgai.
MemoriArtean proiektuaren ondorioa da gaur aurkeztu duten bilduma. “MemoriArtean 2022an hasi eta hurrengo urteetan EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberarretan ikerketa taldeak eta Bakearen Museoak elkarlanean garatuko duten proiektua da”. Ikerketa taldearen arduraduna den Mari Jose Olaziregik dio 13 kidek osatzen dutela ikerketa taldea, eta “oso aktiboa” dela; izan ere, azken bost urteetan, 200 artikulutik gora kaleratu eta hainbat proiektu bideratu dituzte. Euren helburua da gatazka politikoen eta traumen irudikapen artistikoak aztertzea: “Pentsatzen dugu artea esparru pribilegiatua dela gatazkak eta traumak bideratzeko eta hausnarketa eragiteko”.
Ismael Manterola erakusketaren komisario eta artean adituak azaldu du erakusketaren helburua dela artista gazteek 36ko gerrari buruz egindako lan artistikoak ikusaraztea, urte askotan ez delako horrelakorik landu. “Azken belaunaldietara arte, ez da 36ko gerrari buruzko erakusketa askorik jorratu Euskal Herrian. Ez da oso ohikoa izan gerra zibila aztertzea eta lantzea. Gabezia hori, isiltasun hori, beste esparru batzuetan ere egon da, ez horrenbeste literaturan, baina bai arte plastikoetan”. Beste interesgune batzuk egon direla dio Manterolak, baina azken urteetan belaunaldi gazteagoak hasi direla lan horietan sakontzen adierazi du, “lan horiekin interesatzen”. Hain zuzen ere, perspektiba aldaketa hori azaltzea da erakusketaren asmoetako bat.
Miguel Rivas komisarioak 36ko gerran sakontzen duten proiektuen “beharra eta premia historikoa” aldarrikatu du gaur: “Gustatuko litzaidake aldarrikatzea ezaugarri hauek dituen proiektuen beharra, sistematikoki baztertuak izan diren oroitzapenak berreskuratzen dituzten proiektuena, iraganaren analisiak egiten dituztenena. Oroimen historikoan sakontzeko premiazkoak dira, baita baliagarriak ere “.
Behar horri erantzuteko asmoz, zazpi artelanek osatzen duten erakusketa osatu dute ikerketa taldekoek. Horietako batzuetan artista batek baino gehiagok parte hartu dute, horregatik daude artista gehiago artelanak baino. “Artelan hauen bidez ikus daiteke arte plastikoetan badagoela modu bat gerra zibilaren gaia lantzeko, batez ere, gerra zibilak utzitako ondorioak aztertzeko”, adierazi du Manterolak.
Bilduman, baina, ez dituzte landutako artelan guztiak batu. Aukeraketa bat egin behar izan dute, espazioari eta artelanak eskuratzeko aukeri erreparatuta. Zazpi artelanetako sei euskaldunen sorkuntzak dira, eta bat valentziarrena. “Erakusketa honetan egin modura, Euskal Herritik kanpoko artistaren bat gonbidatzea da gure asmoa hurrengoetan, ez bakarrik hemengo artisten lana erakusteko, baita euskal herriarekin harremana izan duten kanpoko artisten lana ikusarazteko ere”. Hain zuzen ere, artista valentziar bi aukeratu dituzte oraingoan.
Artelan anitzak. Erakusketa bat dator ikerketa taldearen izaera anitzarekin. Denetariko lanak aurki daitezke museoan, ikus-entzunezkoak, eskulturak edota kartografiak. Horien artean, Miriam Isasi artistaren lan bat da ikus daitekeena: metraila zatiekin osatutako ferra. “Metraila zatiak aurkitzen ditut, horiekin lehengaia sortu eta eskulturak egiteko. Kasu honetan, Zaldi Zuria izeneko artelana sortu dut, Euskal Herriko hainbat tokitan bildutako metraila zatiekin ferra bat eginez. Zaldi bati jartzen zaion ferra da, zaldi zuria iraultzaren metafora bat delarik”, azaldu du Isasik. Artistaren iritziz “garrantzitsua” da osatu gabeko zauriei merezi duten balioa ematea, eta zortzi urte daramatzan proiektuagaz memoria lekuak aktibatu gura ditu.
Oihane Iraguenen performance batekin zabaldu dute erakusketa. Ikus-entzunezko bateagaz erakutsi gura du oraindik badaudela 36ko gerrako edota frankismo garaiko aztarnak. Bilboko Doña Casilda parkean zegoen Rafael Sanchez Matas kalearen kasua landu du erakusketarako.
Aldamenean, Iratxe Jaio eta Klass Van Gorkumen bost litografia ikusi daitezke. Alemanen kanposantua izeneko proiektua aurkeztu dute, Arabako Urbinan hildako soldadu alemaniar batzuen oroimenez egindako harri batean oinarrituz. “Inguru hortatik gerturatu ziren Gernika bonbardatu zuten hegazkinak”, dio komisarioak. Euren lanagaz, gatazketan lur eremuek duten garrantzia azpimarratu gura dute.
Memoria gordetzeko bi modu eta eredu ikus daitezke Taxio Ardanazen eta Amaia Molineten lanetan. Ardanaz artista plastikoa da eta monumentu bat egin du, fusilatutako bederatzi herritar omentzeko. Molinetek, berriz, ez du arrastoa utzi gura izan, ez du eraikuntza bat egin gura izan memoria gune bat azpimarratzeko. Hala, eredu performatiboari jarraituz, 133 lorez osatutako zirkulua eraiki du, Lodosako 133 fusilatuak omentzeko.
Gema eta Monica Del Rey valentziarrek osatutako Art Al Quadrat bikoteak 36ko gerran emakumeek errepresializatutako emakumei buruz kantatutako abestiak jaso dituzte. Fokua ez da hainbeste lekua, transmisioa baizik, herriek bizi duten memoria. Saturrarango emakumeen kartzelaren egoera landu dute, besteren artean; hiru neska mutrikuar ageri dira bertso bat kantatzen eta horiei buruzko informazioa ere ageri da. Hori eta iberiar penintsulako beste hainbat kasu jasotzen dituen ikus-entzunezkoa ikus daiteke museoan, baita abestiak irakurri ere. “36ko gerra emakumeen aurkako gerra izan zela erakusten du Art Al Quadraten obrak.
Atxurra Animazio taldeak, bere aldetik, animazio bideo bat egin du bildumarako. Andoni Egañaren bertso batean oinarrituta, emakume baten istorioa kontat udu: “Amama horrek kontatzen ez duena kontatzen du bideoak. Urteetako isiltasuna jasan duen emakume horren errealitatea azpimarratu gura izan dute; hau da, emakume horrek isiltasun horrekin sufritu duena ikusarazi”.