Joanes Goitisolo gernikarrak irabazi du Erandioko IV. Duatloia
Joanes Goitisolo Otazuak eta Diana Vecillas Sampedrok irabazi dute Erandioko IV. Duatloia. Bestalde, Urdaitri Motrivation TTko zortzi kidek lehiatu dute proba.
Aurtengo denboraldiari hasiera ezin hobea eman dio Joanes Goitisolo Otazua gernikarrak. Erandioko IV. Duatloian azkarrena izan zen, zapatuan [otsailak 12], eta emakumezkoetan Diana Vecillas Sampedrok irabazi zuen proba.
Bilbaotri Triatloi Taldeak antolatutako duatloian ia 200 duatleta bildu ziren. Parte hartzaileek 5 kilometroko korrikako lehen sektore bat, 20 kilometroko bizikletako bigarren sektorea, eta azkenik, 2,5 kilometroko korrikako saioa burutu zituzten.
Gizonezkoetan Alusigma Peñota Dental triatloi taldekoak nagusi izan ziren. Izan ere, lehenengo hamar sailkatuen artean, zortzi klubekoak izan ziren. 53 minutu eta 46 segundotan amaiatu zuen Goitisolok, eta haren taldeki bik osatu zuten podiuma. Irabazlearengandik 35 segundora helmugaratu zen Diego Mentrida Zamarra, eta harengandik bi segundora sailkatu zen zen Jose Luis Davila Muñoz.
Cafes Foronda Dida Kirol taldeko Vecillasek ordu bete, 4 minutu eta 57 segundotan amaitu zuen duatloia, eta beragaz batera, Sestao Triatloi Taldeko Miren Josune Bikuña Zubia eta Garazi Korta Aizpurua igo ziren podiumera. Irabazlearengandik minutu 1 eta 49 segundora sailkatu zen bigarrena, eta 2 minutu eta 2 segundora hirugarrena.
Bestalde, Goitisolo ez zen izan proban parte hartu zuen eskualdeko ordezkari bakarra. Urdaitri Motrivation TTko zortzi kidek lehiatu zuten Erandioko IV. Duatloia: Patrik Saitua Betanzosek (56.21), Ekaitz Abad Amablek (58.28), Asier Uribarri Ortuzarrek (1.00,12), Markel Esain Castañarasek (1.00,18), Endika Madariaga Olazarrek (1.00,43), Igor Sistiaga Bengoetxeak (1.02,39), Aitor Mendizabal Mendezek (1.03,14) eta Miren Itxaso Elorriagak (1.17,29).