Inauteriak eta antzeko ekitaldiak egoerara "egokitzeko" gomendatu du Osasun sailburuak
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak agindu bat atera zuen zapatuan [otsailak 12] Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei esanez, 100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia metatua gainditzen badute, ez baimentzeko ekitaldi jendetsurik; aginduaren arabera, neurri “prebentiboak” bete ezin badituzte, “bertan behera” utzi behar dituzte edo “atzeratu”, egoera epidemiologikoa hobetu arte. Eta, horrenbestez, inauteriak eta antzeko ekitaldiak egoerara “egokitzeko” gomendatu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.
Osasun Sailak gaur emandako datuen arabera, Araban zazpi udalerri daude langa horren azpitik, Bizkaian bederatzi eta Gipuzkoan sei.
Pandemiaren bilakaerak “beheranzko joeran” jarraitzen duela ere adierazi du Osasun sailburuak, eta azpimarratu du joera hori egonkortu egin delako kendu dituela Jaurlaritzak neurri murriztaile ia guztiak. “Itxaropentsu” agertu da, eta “susperraldi baten aurrean” gaudela gaineratu du. Hori bai, pandemia “gure artean” dagoela gogorazi du, eta “zuhurtziaz” jokatzeko eskatu du.
Osakidetzako gehiengo sindikalak hil amaierarako deituak dituen bi greba egunez ere aritu da. Bere ustez, “ez da grebarako garaia, lanerako garaia da”. Nabarmendu duenez, ulertzen du “hobetzeko gauzak” egon daitezkeela, eta “hobetzeko prest” agertu da. Pandemiaren bilakaera “onaren” menpe jarri ditu Osakidetzan egin beharreko “hobekuntzak”, eta ukatu egin du “kontratazio falta” egon dela. Hainbat datu eman zituen esandakoa babesteko. Abenduan eta urtarrilean “inoiz baino langile gehiago” aritu direla esan du: 45.000tik gora.