Gizon bat atxilotu dute Gernika-Lumon, bikotea jotzea eta bi gizoni labanaz erasotzea leporatuta
Gernika Sare Feministak erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du etzirako; 19:00etan Merkurion jarri du hitzordua. 43 urteko gizona domeka goizaldean atxilotu zuten, lesio delitu bat eta genero indarkeria leporatuta.
Ertzaintzak 43 urteko gizon bat atxilotu du Gernika-Lumon. Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez, “atxilotuak bikotekidea jo zuen”, eta hari laguntza eskaini zioten bi gizon “labanaz erasotu” zituen domeka goizaldean [otsailak 13], horietako bat zaurituz. Lesio delitu bat eta genero indarkeria leporatu diote.
Gernika-Lumoko Sare Feministak domekako eraso matxista gaitzetsi du, eta udalerrian gertatzen diren eraso guztiekin egin modura, eraso sexista salatzeko elkarretaratzea deitu du etzirako; 19:00etan Merkurion jarri dute hitzordua eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Busturialdeko Itaiak, “oraindik ere”, emakumeak “babesgabe” daudela salatu du: “Indarkeria matxista areagotzen ari den honetan. Gizartearen gehiengoa berdintasunaren alde egon arren, argi dago emakume langileok babesgabe gaudela eraso matxisten aurrean».
Hori dela eta, “erantzun eraginkorrak” hedatzeko bitartekoak antolatzea dagokiela uste dute, “indarrean dagoen eta emakumeak irensten dituen gizarte kapitalista gainditu eta indarkeria matxistak inolako lekurik izango ez duen gizarte komunista eraikitzerako bidean”.
Gertakaria igandeko goizaldeko 01:40 gutxitan izan zen, Gernika-Lumoko erdigunean. “Bikote bat eztabaidan ari zela ikusi zuten bi herritarrek, eta gizonak bikotekideari bi ostikada eman ondoren, biktimari laguntzera gerturatu ziren lekukoak. Erasotzaileak, orduan, labana atera, eta erasotu egin zituen, horietako bati zaurituz”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak. Ondoren, erasotzaileak alde egin zuela azaldu dute.
Ertzainak bertaratu, eta zaurituta zueden bi gizonak ikusi ostean, anbulantziari deitu zioten. Zaurituak Gernikako Ospitalera eraman zituzten: “Biktimetako batek hanka zuen zaurituta, eta bestea ahotik zegoen odoletan”.
Ertzaintzako agenteek inguru horretan aurkitu zuten emakumea. Esan dutenez, emakumeak adierazi zuen “ez zuela erasotzailea ezagutzen”, eta eztabaida bultzada batek eragin zuela. Dagozkion ikerketak egin ondoren, ustezko erasotzailea identifikatu eta emakumearen bikotekidea zela ondorioztatu zuten agenteek. Hala, emakumearen etxebizitzara joan ziren eta susmagarriari buruz galdetu zioten, baina emakumeak ukatu egin zuen erasotzailea ezagutzea. “Erasotzailea emakumearen etxebizitzan zegoela susmatuta”, bertara sartzeko epailearen agindu bat eskatu zuten ertzainek, eta handik gutxira, susmagarria atxilotu zuten. Atxilotua ertzain etxera eraman zuten beharrezko izapideak egiteko eta, ondoren, epailearen esku uzteko.