Lointek Gernika Bizkaia ez da serieburu izango Erregina Kopan
Zapatuan Palau d' Esportsen jokatutako CADI La Seuren kontrako partidua galdu zuen talde gernikarrak, 63-58ko puntuazioagaz, eta porrot horrek serieburu izatetik aldendu du.
Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeari ihes egin dio Erreginaren Kopan serieburu izateko aukerak, Emakumezkoen Endesa Ligako 15. jardunaldian CADI La Seuren aurka 63-58 galdu ostean, joan dan zapatuan. Gernikako taldea, beraz, ezin izan da sartu Valencia Basketek, Perfumerias Avenidak eta Spar Gironak orain CADI La Seurekin osatzen duten serieburuen taldera.
Gogor hasi zuten norgehiagoka gernikarrek, jokoan zegoen saria handia zen jakitun; aipagarria izan zen Belen Arrojok egindako partidu hasiera, batik bat, uztaipetik baloiak saskiratuz eta jaurtiketa libreak maisuki kudeatuz. Bera eta Tinara Moore izan ziren, hain zuzen ere, Lointek Gernika Bizkaiako jokalaririk azpimarragarrienak, bi taldeen arteko talkaren hasieran. Moore, izan ere, CADI La Seu taldean ibilitakoa da, eta, beraz, maisuki ezagutzen zuen gernikarren arerioaren jokatzeko moldea.
Dena dela, La Seu egoerari buelta ematen hasi zen apurka-apurka, batez ere, Irati Etxarri nafarraren jokoari esker: lehen zatian, La Seuk eskuratutako 18 puntuetatik 14 puntu berak egin zituen. Zati horren amaieran, Lointek Gernika Bizkaiak hasieran lortutako aldea galdua zuen jada. Bigarren zatian, Laura Peñak aginte-makila hartu zuen, eta Etxarrik eta biek bikote arriskutsua eta eraginkorra osatu zuten. Lehen 20 minutuetan Etxarri, Peña eta Tunstull izan ziren gernikarren lerroak gehien aztoratu zituztenak. Rosó Buch katalanak Itziar Ariztimuñoren tokia hartu zuen, azken horrek aurtengo denboraldiari agur esan behar izan baitio, lesio bat tarteko. Gernikarren arazo nagusiak baloi galerak eta Etxarriren eraso-errebotea izan ziren, La Seuren joko oldarkorraz gain.
Hirugarren aldian egoera belztu egin zitzaion Gernika KESB taldeari: lehen sei minutuetan bi puntu baino ez zituzten saskiratu, aurkarien defentsa lan sendoa zela eta. Etxean jokatzen zuen La Seuk markagailua 46-39an jartzea lortu arren, azken zatian gernikarren esperantzak gora egin zuen; izan ere, Irati Etxarriren mailak gorenekoa izaten jarraituta ere, Laura Peñarenak nabarmen egin zuen behera. Horrek hegoak eman zizkion Gernika KESBi, markagailua 48-46ra eramanez. Azken minutuetan hainbat aukera izan zituzten egoerari buelta emateko, baina ez zuten eskuratu. CADI La Seuren garaipenak, 63-58ko markagailuagaz, Gernika KESBri Erreginaren Kopako serieburu izatea oztopatu dio.
Mario Lopez Gernika KESBeko entrenatzailea ez da pozik agertu taldeak egindako partiduagaz, asebeteta geratu da bere jokalarien lehendabiziko zatiarekin: “Norgehiagoka oso ondo abiatu dugu; defentsan akats batzuk izan ditugun arren, maila altua erakutsi dugu”. Talde aurkariaren “kontzentrazio maila oso altua” azpimarratu du, batez ere hirugarren aldian: “Gu baino gehiago izan dira; ia ez dute akatsik egin, eta guk egindakoak egoki baliatu dituzte haien mesedetan”. Partidu amaierari dagokionez, gernikarren entrenatzaileak adierazi du bere jokalarien intentsitateak eta haien jokoaren indarrak “oso bortizki” egin dutela behera.
Partiduaren balorazioa, oro har, “eskasa” dela azaldu du: “Final bat bezala planteatzeko moduko partidua zen, eta gako izandako momentu batzuetan guk ez dugu mentalitate hori mantendu; arerioak, bestalde, bere abagune guztiak aprobetxatzen jakin du, eta bere indargune guztiekin kolpatu gaitu, ahal bezain duinen eusten saiatu arren”.