Retolazak irabazi du Busturialdeko Bertsolari Txapelketako lehenengo kanporaketa
Atzo Errigoitin jokatu zen kanporaketa irabazita, Astran jokatuko den finalean egongo da busturiarra.
Martxan da Busturialdeko Bertsolari Txapelketa. Atzo gauean jokatu zen lehenengo kanporaketa Errigoitiko Ikuilu Txokoan, eta Mikel Retolazak bildu zituen puntu gehien. 166,5 puntugaz nagusitu zen busturiarra. Ondorioz, martxoaren 5ean Gernika-Lumoko Astran jokatuko den finalean egongo da Retolaza.
Sei bertsolarik parte hartu zuten atzoko kanporaketan. Retolazaren atzetik, bigarren sailkatu zen Beñat Bilbao gernikarra; 159 puntu eskuratu zituen. 155 puntugaz, Gautegiz Arteagako Enare Muniategi izan zen hirugarrena.
Muniategirengandik puntu batera sailkatuta (154), Koldo Muñiz foruarra izan zen laugarrena. Haren atzetik, Ander Elortegi natxituarrak 152 puntu bildu zituen, eta Janire Arrizabalaga gernikarrak, berriz, 146.
Lilibertsokoen arabera, “itzela” izan zen atzokoa; gutxi gorabehera 40 pertsona batu ziren Ikuilu txokoan. Lehiakortasuna alde batera utzita, familiarteko giroan jokatu zuten atzoko kanporaketa, eta hala egingo dute hurrengoa ere. Izan ere, datorren barikuan (otsailak 18) jokatuko dute bigarren kanporaketa Busturiko Aingerubide kultur etxean, 21:00etan. Handik aterako da bigarren finalista; irabazleak zuzenean sailkatzen baitira finalera. Gainontzeko finalistak puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Aurten, bigarrenez, zortzi bertsolarik jokatuko dute Astrako finala.
Hirugarren kanporaketa, berriz, Muxikan jokatuko da otsailaren 25ean Ariatzako Atxelipe txokoan.
Saioak doakoak badira ere, afaltzeko izena eman behar da aldez aurretik; horretarako, txoko bakoitzera edota 688 62 65 04 telefono zenbakira deitu behar da.