Gaur Dala Bihar jubilatuen elkartea egokitzeko lanak amaitu dituzte
Lanak egiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak eduki ditu Mundakako Udalak.
Mundakako Gaur Dala Bihar jubilatuen elkarteko erabiltzaileek espazio berritua daukate. Izan ere, udalak elkarteak erabiltzen duen lokala egokitzeko lanak amaitu ditu. Lanen aurrekontua 2.768,34 eurokoa izan dela zehaztu dute.
Egokitzeko lanak amaitu ondoren, iriste erraztasun handiagoko bainugelak, leiho berriak eta bilerak eta topaketak egiteko bulego berri bat dauka espazioak. Udal arduradunek azaldu dutenez, lanok gobernu taldearen eta elkarteko kideen artean diseinatu dira; “pintura zein bainugeletarako osagarriak aukeratzeko aukera eduki dute”. Gainera, esan dutenez, udal langileek lokalaren garbiketa “sakona” egin dute.
Lanok egin ahal izateko, diru laguntzak jaso dituztela aipatu dute. Bizkaiko Foru Aldundiaren Azpiegitura arlotik 33.272,93 euro jaso dituzte, eta Eusko Jaurlaritzaren Erein programatik, berriz, 41.046,36 euro.
Mundakako alkate Irati Gondraren esanetan, “beharrezkoa” da herriko jubilatuak zaintzea, herriaren alde “lan handia” egin duten sektorea baita: “Lokala birgaitzeari esker, erabiltzaileek kalitate handiagoko topagunea erabili ahal izango dute. Gainera, Mundakako Gaur Dala Bihar elkarteko bazkideen babesa azpimarratu gura dugu, haiek definitu baitituzte birgaitzearen ezaugarri batzuk”.