EAJk udal erakunde propioa sortu du Muruetan
Orain arte, Muruetako afiliatuak Foruko Uri Erakundearen barne zeuden. Urtarrilaren 23an, berriz, Muruetako Uri Erakundea eratu zuten; hamazortzi muruetarrek osatzen dute.
Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) Muruetan egin duen “bultzadari esker”, urtarrilaren 23an, hamazortzi muruetarrek osatu zuten jeltzaleen erakunde berria, “udalerriaren etorkizunaren alde lan egiteko, udal gobernu taldearen lana indartzeko eta Julen Karrion alkateari babesa emateko ilusioz”.
Jakitera eman dutenez, orain arte, Muruetako afiliatuak Foruko Uri Erakundearen barne zeuden. Muruetako Uri Erakundea eratzeko batzarrean Pedro Angel Arronategi Azketa aukeratu zuten Udal Batzarreko presidente; Bittor Olabarriaga Arrizabalaga presidenteorde; Jon Mikel Foruria Martin idazkari eta Julian Karrion Urkullu diruzain.
Izendatu berri den presidenteak eskerrak eman ditu EAJk Foruan duen erakundeak egindako lanagatik eta bere zein Bizkaiko lurralde zuzendaritzaren aldetik Muruetako afiliazio jeltzaleak “hainbeste urtetan jasotako babesagatik”. Muruetako udal erakundearekin EAJren esentzia azpimarratu gura dutela nabarmendu du Arronategik: “Herri proiektu bat da, sustraiak Euskadiko herri bakoitzean dituena”. Azpimarratu du Muruetak eta muruetarrek, herri modura, euren nortasunari balioa eman gura diotela; “Murueta EAJren parte delako eta EAJ ere Muruetaren parte delako”. Muruetako EAJren presidenteak esan duenez, Foruagaz eta eskualdeko gainerako udalerriekin “harreman estua” izaten jarraituko dute, “orain arte egin duten modura”.
Busturialdeko erakunde jeltzale berria 18 afiliatugaz eratu da (udalerriko biztanleriaren % 5). Hala eta guztiz ere, helburu bat jarri dute, % 10era iristea. Batez ere, emakumeak eta gazteak alderdiko militantzia aktibora hurbiltzeko lan egingo dutela zehaztu dute: “Emakumeen eta gazteen ikuspuntua eta lana ezinbestekoa da alderdi modura egiten dugun jarduerari estaldura orekatua, plurala eta indartsua emateko, eta, era berean, udal kudeaketarako”.