Martxoaren 4ra arte izena eman daiteke Euskarabenturan
2005ean edo 2006an jaiotako gazteek parte hartu ahalko dute aurtengo Euskarabenturan, eta martxoaren 4ra arte izena eman dezakete. Uztailaren 1etik 31ra bitartean egitea aurreikusi dute 2022ko espedizioa, Mauletik Getxora. “EuskarAbentura Elkarteak bere eskuartean dagoen guztia egingo du espedizioa antolatzeko. Bizi dugun egoeran, ezin dugu %100ean ziurtatu ibilbide originala jarraituko duen 130 gaztez osatutako hilabete osoko espedizioa antolatu ahalko dugunik”.
Horregatik, gogoratu dute ekintza momentuko egoeraren arabera antolatuko dutela, “betiere indarrean dauden prebentzio neurriak errespetatuz”. Beraz, izena ematen dutenek kontuan izan behar dute aldaketak egon litezkeela: parte-hartzaile kopuruan, iraupenean, ibilbidean… Data hurbildu ahala hartzen dituzten erabakien berri emango dutela adierazi dute.
Proiektua aurkeztu
www.euskarabentura.eus webgunean izena eman eta proiektu bat aurkeztu behar da. Aurkezpen bideo bat ere bidali behar da. Proiekturako hiru gai hauetako bat aukeratu behar da: Gure aisiaren espazioa, Fast Fashion eta Zer ginen, zer gara, zer izango gara.
Gai horiei buruzko lanak egiteko sei formatu daude aukeran; proiektua historikoa, literarioa, ikus-entzunezkoa, plastikoa, musikala edo sormen digitala izan daiteke. Proiektuen ezaugarriak eta baldintzak zehaztuta daude web orrialdean, bai eta eta horiek egiteko lagungarria den informazioa ere.