Eztanda egin du Felinek
Euskal musikaren eszenan esperientzia duten lau musikarik osatzen dute Feline, talde ausarta eta koloretsua. Hilaren 18an kaleratuko dute lehen diskoa, eta kontzertuak eskaintzeko gogotsu daude.
Freskoa, berria eta kolore askotakoa. Halakoa da Feline. Musika taldea osatzen duten musikariak euskal eszenan funtsezkoak diren Audience, Primeros Auxilioss, Zuloak eta Puro Odio bandetako partaideak dira, eta euren esperientzia nabaria da oholtza gainean.
Lanbide horretan ibiliak izateak ematen die konfiantza Iñaki Iruskietari (gitarra eta ahotsa), Ainhoa Unzuetari (baxua eta ahotsa), Ruben Garateri (teklatua eta ahotsa) eta Eneko Bergarari (bateria). “Hainbat urte daramatzagu musikan, bakoitza bere proiektuetan, baina Felinek batzen gaitu guztiok”, adierazi du Garatea taldeko kideak. “Nik Audiencen jotzen dut, Ainhoak Labanan eta Sedan, Iñigo Primeros Auxiliosen dabil eta Enekok ere baditu beste musika proiektu batzuk”, zehaztu du.
Punk-rock eta post-rocka lantzen duen intentsitate handiko talde berria da Feline, ezezaguna, baina ausarta. Doinu oldarkor zein lasaiak dituzte, elektronika ere uztartzen dutenak. “Post-rocka egiten dugu. Ez dut uste ezer berria denik, baina kontzertuetan ikusi gaituztenek zein lana entzun dutenek uste dute disko freskoa, berria eta koloretsua dela”, aitortu du musikari gernikarrak, eta uste du kontzertu batean “kolore eta dinamika asko” dituen taldea dela Feline. “Hiru ahots entzun daitezke diskoko kantu askotan, eta Ainhoaren ahotsak kolore asko eta berezia ematen die abestiei. Teklatu eta sintetizadoreek ere abestiak koloreztatzen dituzte, eta erritmoari erreparatuta, nahikoa gorabeheratsua da egiten dugun musika. Abesti lasaiagoak ditugu, baita abesti techno edo elektronikoagoak eta abesti rockero eta klasikoagoak ere; denetarik egiten dugu», gaineratu du musikariak.
Talde modura duten intentsitatearen erakusgarri da I hate you lehen diskoko singlea. Lotsagabea da abestia, etengabeko amorrua islatzen duena, duten askatasun egarria aldarrikatzeko balio duena. Amorruz kantatzen dute, barruan dutena atera guran: “Oso zuzena da kantua gauzak argi esatekoa, eta erritmo aldetik abiadura azkarra duena. Gordeta geneukana askatzeko aukera ematen digu. Guk kontzertuak emateko beharrizana izan dugu pandemian, eta kanta beharrizan horren eztanda da. Sentitzen duguna askatzeko tresna”. Esperantzazko eta larritasunezko mezu bat transmititzen du kantuak.
Hannot Mintegia arduratu da gorrotoak eta beldurrak jasotzen dituen abesti bati irudiak jartzeaz. “Behin estudiotik pasatu zen, eta irudi batzuk hartu zituen. Horiek artxiboko beste irudi batzuekin lotu ditu, eta itzelezko lana egin du. Artista da”.
Leherketa kutsua duen kantu horrez gain, ukitu elektronikoak dituzten abestiak ere aurkitu daitezke diskoan. “Diskoan ez da musika elektronikoa bere horretan entzuten, baina nabari daiteke zenbait kantutan. Abesti lasaiagoak ere baditugu, Looking at the sky, esate baterako”, dio Garateak.
Izan ere, Stranglers taldearen zazpigarren diskoak zuen Feline izenburua; disko horrek taldearen norabidea musika elektronikoago baterantz aldatu zuen. “Asko gustatzen zaigu taldea, eta Feline euren diskografian aldaketa bat suposatzen duen diskoa da. Lan horregaz, punk estilotik norabide elektronikoago baterantz joateko apustua egin zuten. Trantsizio disko bat da, asko gustatzen zitzaiguna. Norabide elektroniko baterantz joateko sintetizadoreak sartu zituzten doinuetan. Horregatik eta berba asko gustatzen zaigulako aukeratu genuen Feline izena”, aitortu du Garateak.
Datorren astean argitaratuko dute Martin Guevararen (Capsula) gidaritzapean Silver Recording Studioan 2021eko maiatzean grabatu zuten lana, bi kontzertu eman ostean: “Sei abesti grabatzeko sartu ginen estudioan, baina Martinek entseatuta besterik ez genituen beste lau abesti grabatzeko proposamena egin zigun, eta hala egin genuen. Asteburu bakarrean grabatu genituen hamar abestiak”. Sekulako esperientzia izan zela dio, esperientzia askoko musikariak diren arren, Feline aurreko proiektuetako grabazio prozesuan ez zuten elkarrekin topo egin. “Ezagutzen ginen pertsonalki, baita talde modura entseatzen ere, baina ez estudioan. Urduritasun eta presio horregaz joan ginen, baina oso pozik atera ginen estudiotik”.
Zailtasunak gaindituta
Kontzertuak emateko zailtasunak ikusita erabaki zuten diskoa grabatzea, izan ere, 2019an sortutako taldea da Feline, baina pandemia tarteko, kontzertuak eskaintzen hastea ez zitzaien erraza iruditu: “2020an erdi geldi egon ginen. Kostatu zaigu erritmoa hartzea eta martxan jartzea. Baina pandemia igaro ahala, batzen hasi ginen berriro. Entseatzeari eta kontzertuak topatzeari ekin genion. Konturatu ginen kontzertuak zehaztea ez zela lan erraza, eta are gutxiago talde hasi berri batentzat. Izena handiko taldeentzat zaila zen, imaginatu inork ezagutzen ez duten talde batentzat zer zen hori”.
Aurrera begira jarri dira, eta zailtasunak zailtasun, pare bat kontzertu eskaintzea lortu dute; Bilbon eta Valladoliden (Espainia) aritu dira honez gero. “Esperientzia oso onak eta politak izaten ari dira kontzertuak. Jendeak eskertu du gure proposamen berri hau. Bilboko Antzokian aritu ginen abenduaren 25ean Capsula taldearen aurretik, eta ezagutzen ez gintuen jendearen artean ere oso harrera ona eduki zuen gure lanak. Gernikan aritzean jendeak badaki nor zaren, baina Bilbon ez, eta kontzertu indartsua izan zen. Harrera beroa egin ziguten eta, ondorioz, kontzertuak eskaintzeko proposamen gehiago ere izan ditugu”.
Urtarrilaren amaieran Valladoliden egon ziren eta, orain, datorrenari aurre egiteko prest daude Felineko musikariak. Udaberrian asko jotzeko asmoa daukate, han eta hemen. “Euskal Herrian jotzekoak gara, baita Frantzian ere. Diskoa kaleratzen dugunean espero dugu kontzertuak jotzeko aukerak zabaltzea”, aitortu du Garateak. Ibilbide laburra daukate, baina diskoa publikatzeko eta jendaurrean aritzeko desioa daukate.