Zine Klubaren 40 urteak ospatzeko, zine zikloak
Zine Klubak 40 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko asmoz, bi zinema ziklo prestatu ditu otsailerako eta beste bat martxorako. Bihar proiektatuko dute lehen filma Elai Alai aretoan.
Ohiko zinema aretoetan tokirik ez duten filmak proiektatzea, ezagutaraztea eta haiei balioa ematea: hori du helburu Gernika-Lumoko Zine Klubak. Duela 40 urte sortu zen asmo horrekin, eta, gaur egun ere irudiaren munduak eta zinemak merezi duten hedapena izateko lan egiten dute. 40. urteurrena ospatzeko eta zeregin horretan jarraitzeko asmoz, bi zinema ziklo prestatu dituzte otsailerako, eta beste bat martxorako.
Emanaldi guztiak 20:00etan izango dira. Bihar eta hurrengo barikuan zinema beltz klasikoak hartuko du Elai Alai aretoa, Otto Premingerren Laura eta Orson Wellesen Sed de mal ikus-entzunezkoekin. Otsailaren 24an eta 25ean, Pedro Olea omenduko dute Lizeo Antzokian Olea… mas alto! eta Akelarre filmagaz. Martxoaren 4an eta 25ean, El tercer hombre eta M, el vampiro de Düsseldorf ikusi ahalko dira Elai Alai aretoan.
“Maisulanak” eta genero “interesgarriak” direlako aukeratu dituzte horiek. Lehen biak zinema beltz klasikokoak dira. “Zine Klubekoei asko gustatzen zaigun generoa da zinema beltza. Laura oso adierazgarria den maisulana da, eta Sed de mal, niretzat, garai guztietako pelikularik onena”, azaldu du Pedro Durana zine klubeko kideak.
Martxoan, Europako zinemara egingo dute salto. Carol Reed zuzendari ingelesaren El tercer hombre “maisulana” eta M, el vampiro de Düsseldorf Fritz Lange zuzendari alemaniarrarena ikusi ahalko dira.
«Zinema errealitatea kritikoki bereizteko balio duen tresna da, garrantzitsua»
Pedro Olea euskal zuzendaria omentzea ere beharrezkotzat jo dute Zine Klubekoek, euren ustez, “ez zaiolako behar besteko balioa eman” zinemagilearen lanari. “Baliozkotu beharrekoa da bere lana, ekarpen handia egin dezakeen zinemagilea da. Otsailaren 25ean Gernikan egongo da, eta omenaldia egin nahi diogu”.
Ohiko zinemetako programazioetan tokirik ez duten eta tarte bat merezi duten obra zinematografikoak bultzatzen ditu Zine Klubak. “Ikus-entzunezkoen balio teknikoagatik eta giza balioengatik aukeratzen ditugu obrak”, adierazi du klubeko kideak. Irudiaren eremu linguistikoan berrikuntzaren bat duten proiekzioak aukeratzen dituzte, bai eta ikuspegi aurrerakoietatik gizarteari eragiten dioten arazoen berri ematen dutenak ere.
Ikus-entzunezkoak proiektatzeaz gain, lan pedagokikoa ere egiten dute, sesioak hasi aurretik filmei edo dokumentalei buruzko dokumentuak banatuz. “Zerbait irakasten saiatzen gara. Mezua zabaltzen dugu, eta hausnarketara bideratzen ditugu ikusleak. Lehen, foroak egiten genituen, baina orain ez”, dio Duranak. Hala ere, ziklo hauetan filmak proiektatu aurretik aurkezpena egingo dutela azaldu du, eta horien amaieran, solasaldian elkartuko direla dio, antzina egiten zuten modura: “Erantzun ona izaten dute proiekzioen osteko solasaldiek”.
Ikusleen gehiengoa gaztea zen lehen, eta nagusiak dira orain gerturatzen direnak. Zinema eta zinemaren ikusleak asko aldatu dira urteen joanagaz, eta aldaketa horietara egokitzen joan dira Zine Klubeko kideak. Hala ere, zinema zaleen erantzun “ona” espero dute. “Seguruenik garai hartako lehen emanaldietan zeuden gazteak dira gaur egungo emanaldietara joaten diren helduak”, adierazi du Duranak. Zine Klubera zale gehiago ere gerturatu direla dio, baina oso gazte gutxi: “Ea gehiago gerturatzen diren. Zinema ez da entretenimendu hutsa, errealitatea kritikoki bereizteko balio duen tresna da, beste balio batzuk transmititzen dituelako, bai sozialak zein moralezkoak. Edonorentzako osagarri garrantzitsua da zinea”. Hala ere, sortu duten zinema zaleen fideltasuna espero dutela onartu du Duranak.
Sorrera, 1982an
Zinema areto komertzialetatik kanpo zinema independentea lantzeko beharrizanaz ohartuta, gazte talde bat batu eta Gernika-Lumoko Zine Kluba sortu zuten 1982an. “Bermeon Ikusgarri izeneko zinema foroa egiten zen. Hori ikusita, Gernikan gauza bera egitea erabaki zuten Juan Luis Ugaldek, Diego Gandariasek, Iñaki Etxanizek, Javi Llarzak eta Jon Lezamak”, kontatu du Duranak. “Ezaugarri ludikoa eta entretenimendua helburu zituzten filmak gutxietsi bari»k, zinema ausartagoa bilatzen saiatu ziren taldekideak, eta lortu zuten: “Ikus-entzunezko ausartak ziren, irudiekin gehiago esperimentatzen zutenak”. Lehen proiekzioa Agur Everest izan zen.
«Jende gazteak nahiago du film batez informatzea horretaz gozatzea baino»
Gaur egun ezagutzen dugun Zine Klubaren aurretik, beste batzuk egon ziren Gernikan. Parrokiako zine kluba eta Tamayo zine kluba esaterako; horiek utzitako hutsunea bete asmoz bultzatu zuten gaur egungoa. “Frankismoaren garaia amaitu zen eta ekintza kulturalak egiteko gogoa zegoen. Izan ere, frankismo garaian murrizketak asko zeuden eta askatasunak gutxiegiak ziren. Irudiari erreferentzia egiten zion guztia axolagabe zegoela ikusi zuten. Horregatik, Zine Kluba ez zen zinemaz bakarrik arduratu, argazki lehiaketak, kultur taldeen erakusketak… ere antolatu zituen. Haurrentzako zinema zikloak, eta underground zinemaren, eta zinema politiko eta erlijiosoaren zikloak ere bultzatu zituzten. Garai hartako kultur taldeekin ere lan egiten genuen, hala nola Gernika Batzordearekin, Gernika Gogoratuzekin, Bakearen Museoarekin, Lekuek Jaialdiarekin… Horiekin guztiekin elkarlanean jarraitzen dugu gaur egun ere”, azaldu du Duranak.
Gizarte etxean batzen ziren lehenengo, Zinema Gernika izenekoan; 1982tik 2000 urtera arte bildu ziren han, astebeteko proiekzioak antolatuz, eta bi asterik behinekoak, gero.
Eboluzioa
Zine Klubaren bilakaera zinemaren beraren bilakaerarekin batera joan da, baita zaleek izan duten bilakaerarekin batera ere. “Hastapenetan Ipar Amerikako zinemak presentzia inposatzailea zuen – oraindik ere bai –, eta, horregatik, Europako zinemako filmak egokitzen saiatu ginen. Era berean, kontuan izan behar dugu askotan film feministak ere egokitu genituela”, dio Duranak, orduko hartan “ez zirela horren ohikoak” azalduz.
Zinema “gero eta gehiago baloratzen duen” ikusle mota bat sortzea lortu dutela uste du, “ekoizpen txikiekin egindako zinema edota zinema independentea balioan jartzen duena”. Publiko horrek bilakaera bat duten lanak estimatzen dituela dio. “Zinema mota horrek erakusten du, bitarteko gutxi izan arren, adimena eta ilusioa dagoenean, obra garrantzitsuak egin daitezkeela”.
Zine Klubeko kideak uste du gaur egun «edonork» egin dezakeela zinema, “kamara oso arinekin kalitate handia lortzen delako”; hala ere, gidoi eta interpretazio egokiak lortu behar direla azpimarratu du. “Neurri handi batean, galdu egin da zinemaz gozatzeko sentsazioa. Jende gazteak nahiago du pelikula batez informatzea horretaz gozatzea baino”.