Larrialdi egoera indargabetu, eta neurri murriztatzaileak kentzea erabaki du Labik
Egungo neurriak domekara arte ezarri zituztenez, datorren astelehenetik aurrera [otsailak 14] sartuko da indarrean Labiren gaurko erabakia.
Abenduaren 3tik indarrean egon den larrialdi egoera indargabetzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Arratsaldean bildu da Labi instituzionala, eta gaur gaurkoz indarrean dauden neurri murriztatzaileak kenduko dituztela iragarri du Iñigo Urkullu Lehendakariak. Astelehenetik [otsailak 14] aurrera, beraz, ez dira horiek bete beharko.
Beraz, Lurralde arteko Osasun Kontseiluaren eskumenarenak diren neurriak mantenduko dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hau da, barrualdean musukoaren erabilera derrigorra izango da, eta kirol ekitaldietan ezarritako aforoak bete beharko dira.
Une honetan, erabaki horiek hartzeko baldintzak betetzen direla argudiatu du Urkulluk. Azaldu du COVID-19aren pandemiaren “bilakaera ona” aztertuta hartu dutela erabakia, “parametro guztiak behera” egiten ari direla, eta Omikron aldaera “Europa osoan atzera egiten” ari dela zehaztu du. Positiboen kopurua, ospitaleetako presioa eta ZIU oheen okupazioa behera egiten ari dela gaineratu du. Haren esanetan, adierazle guztien arabera, “datozen asteetan hori izango da joera”, azpimarratu du.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako “biztanleriaren %93 txertoak jaso duela, eta % 62 errefortzuko dosia hartuta” daukala gogoratu du.
Lehendakariak esan duenez, hiru erreferentzia nagusitan oinarrituta hartu dituzte gaurko erabakiak: LABI batzordearen iritzia, adierazle epidemiologikoen eta joera-aurreikuspenaren bilakaera, eta Europan eta inguruko autonomia erkidegoetan hartzen ari diren neurrien bilakaera. “Ospitaleratzeetan eta ZIUetan Omikronen intzidentzia txikiagoa da, eta kaltetutako pertsonak txertorik hartu gabekoak izaten jarraitzen dute”, adierazi du.
Neurriak nola arinduko dituzten zapatuan [otsailak 12] esango dute. Zuhurtasuna mantentzeko eskatu du Urkulluk, eta beste behin, esan du oinarrizko prebentzio arauak ez ahazteko.
Ikastetxeetako jolastokietan eta kalean, musukorik barik. Bestalde, gaurtik [otsailak 10] aurrera ez dago kalean maskararik eraman beharrik, eta haurrek ere ez dituzte eraman beharko ikastetxeetako jolastokietan. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak bilera egin dute goizean, eta Espainiako Gobernuak ikastetxeetako jolastokietan maskararen derrigortasunari buruz ateratako dekretuaren nondik norakoak aztertu dituzte. Dekretu horren arabera, umeek ez dute zertan maskararik erabili; betiere, aire zabalean daudenean.