Busturialdeko bertsolarien plaza nagusia bueltan da
Badator Busturialdeko Bertsolari Txapelketa. Barikuan Errigoitin lehiatuko dute hiru kanporaketetan lehena, eta finala Astran jokatuko da martxoaren 5ean.
Plazetan bizia hartzen du bertsolaritzak: bertsolariek gorpuzten dute bertsoa, eta bertsozaleek gozatu. Gai jartzaileak arduratzen dira gaiak emateaz, eta protagonistak doinuak sortzeaz. Bertsoarekiko zaletasuna bizi-bizirik dago Busturialdean, eta horren adierazgarri da barikuan Errigoitin hasiko den Busturialdeko Bertsolari Txapelketa.
Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria zen saio bezala antolatzen hasi ziren eskualdeko txapelketa, baina prestakuntza saioa izateari utzi zion orain dela hamar urte inguru. Lilibertsok, baina, eskualdeko txapelketa antolatzen jarraitu du, eta aurten laugarrenez egingo dute: “Txapelketa ofizialek duten lehiakortasunetik aldendu eta lagun artean ondo pasatzeko txapelketa da. Gugatik eta guretzako saioak dira txapelkeakoak, lagun artean ondo pasatzeko eta gustatzen zaiguna egiteko aukera eskaintzen dutenak”.
18 izango dira protagonistak, barietate handiko eta maila desberdineko bertsolariak. Onintza Enbeita edota Xabier Enbeita izeneko beteranoetatik Janire Arrizabalaga eta Jokin Ansotegi gazteetara arteko nahastea egongo da. “Arrizabalaga eta Ansotegi dira lilikumeak, eta eurentzako aukera ederra izango da txapelketa. 40 urtetik 17 urtera arteko bertsolariak dira protagonistak. Eskualdeko bertsolariei indarra eta sakakada eman gura diegu”, adierazi du Mikel Retolaza Lilibertsoko kideak. Ansotegiren lehenengo Busturialdeko txapelketa izango da.
Lilibertsokoak arduratuko dira gaiak eta puntuak jartzeaz. Leire Garatxenaren gidaritzapean, taldean zehaztuko dituzte saioetako gaiak, eta Ander Arrien arduratuko da epaimahaikideen artean puntuak ezartzeko balioak zehazteaz.
Afalorduko saioak izango dira, giro lasaian lehiatuko direnak. Hala ere, ondo egiteko eta finalean egoteko helburuagaz oholtzaratuko dira bertsolariak.
Lehiakortasuna baztertu eta familiarteko giroa nagusi den txapelketan, beste urte batez, herri txikietan aritzearen aldeko apustua egin dute Lilibertsokoek; Errigoitiko Ikuilu txokoan, Busturiko Aingerubide kultur etxean eta Muxikako Ariatzako txokoan izango dira bertso saioak. Herri txikietako txokoak dira bertsolari gazteen plaza, eta bertsoa horietara hurreratu gura dute, beste behin, Lilibertsokoek. “Gaur gaurkoz, Busturialdeko bertsolari gazte eta zaleen topaleku bakarra da Lilibertso, baina eskualdeko herri guztietako ordezkariak biltzen ditu. Askotan Gernika da gure jardunen epizentroa, baina inguruko herrietara joatea ere gustatzen zaigu”, azaldu du Retolazak.
Hiru kanporaketa.
18 bertsolarik hiru saiotan kantatuko dute. Saio bakoitzean sei ariko dira, eta irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalera; martxoaren 5ean 21:00etik aurrera jokatuko da Astran. Gainontzeko finalistak puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Aurten, bigarrenez, zortzi izango dira finalean ariko direnak; 2019an Onintza Enbeitak, Ander Elortegik, Aitor Etxebarriazarragak, Asier Galarzak, Mikel Retolazak, Koldo Gezuragak, Eneko Aldanak eta Julen Arzanegik jokatu zuten finala, Enbeita nagusituz.
Saioak doakoak izango dira, baina afaltzeko izena eman behar da aurretiaz; horretarako, txoko bakoitzera edota 688 62 65 04 telefono zenbakira deitu behar da. Antolatzaileek zehaztu dute osasun neurriak direla eta, txoko batzuetan ez direla afariak bere horretan egingo eta pintxo batzuk jarriko dituztela horien ordez, “distantziak mantentzeko helburuz”.
Gogotsu daude Lilibertsokoak, eta dituzten aukera aprobetxatuko dituztela dio Retolazak: “Edozein aukera da ona bertsolaritza berpizten jarraitzeko. Denbora bat geldi egon ostean, bertso gogoz gaude, eta aprobetxatu egin behar dugu hori”. Antolatzaileek herritarrei gerturatzeko deia egin diete, “ondo pasatzeko aukera ona delako”.
Finalaurrekoak
Errigoiti.
Otsailak 11. 21:00etan, Ikuilu Txokoan
Bertsolariak: Mikel Retolaza, Ander Elortegi, Janire Arrizabalaga, Enare Muniategi, Beñat Bilbao eta Koldo Muñiz.
Busturia.
Otsailak 18. 21:00etan, Aingerubide kultur etxean.
Bertsolariak: Aitor Etxebarriazarraga, Julen Ibarguengoitia, Eneko Aldana, Xabier Enbeita, Nagore Beitia eta Lurdes Ondaro.
Muxika.
Otsailak 25. 21:00etan, Ariatazako Atxelipe txokoan.
Bertsolariak: Onintza Enbeita, Jokin Ansotegi, Ibai Amillategi, Koldo Gezuraga, Asier Galarza eta Iker Uriarte.