Lubakian sartzeko gonbidapena dakarte Bermeora
'Lubaki lainotsuak' antzezlana eskainiko dute barikuan, Nestor Basterretxea aretoan.
ATX Teatroa Lubaki lainotsuak antzezlanagaz dator Bermeora. Barikuan [otsailak 11], 20:00etatik aurrera eskainiko dute Nestor Basterretxea aretoan.
Gizarte eta Kultura Etxean salgai daude sarrerak, 10 eurotan (7,5 euro deskontudunak), eta baita Internet bidez ere.
Taula gainean Maren Basterretxea berriatuarra, Miriam K Martxante eibartarra eta Javier Barandiaran donostiarra egongo dira, Ximun Fuchsen kanpo begiradarekin batera eta Gartxot Unsainen musikarekin. Bizitza bera, “muzturretatik kontatuta” erakutsiko diote publikoari.
Irla bateko naufrago baten antzera, espazioan eta denboran gatibu den soldadu beterano bat aurkeztuko dute. Bakar-bakarrik dago, izen gabeko gerraren lubaki batean. Postari gazte batek bere mundua “hankaz gora” jarriko dion gutuna emango dio. Gutun horrek bakoitzaren onena eta txarrena azaleratuko ditu, maitasuna, heriotza, beldurrak, gupida, gorrotoa, frustrazioak… Hala, belaunaldien arteko talkagaz bat egingo dute ikusleek: zahar eta berriaren arteko komunikazioa, norberaren bizitza balioan jartzea, trantsizio naturalaren aurkako eta aldeko argudioak…