Arrizabalagak garaipenagaz hasi du Binakako Txapelketa
Eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketaren ligaxkaren 1. jardunaldian, Olatz Arrizabalagak eta Enara Gamindek 22 eta 16 irabazi diete Amaia Aldairi eta Andrea Capellani. Txapelketa irabaztea da pilotari gernikarraren helburua.
Pilota mistoko modalitatean Eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketaren 1. jardunaldia irabazi dute Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Enara Gaminde laukiztarrak. 22 eta 16 nagusitu zitzaizkien Amaia Aldairi eta Andrea Capellani atzo [otsailak 6], Eibarko Astelena pilotalekuan.
Txapelketa irabaztea da pilotari gernikarraren helburua. Gamindegaz entrenatzen du eta beragaz bikotea osatzeak ilusioa egin diola aitortu du: “Oso gustura jokatzen dut beragaz, eta uste dut aukera polita dela hau behingoz bikotekako txapela irabazteko. Bi urtez jarraian, finala galdu egin dut, eta ea hirugarren honetan txapela ateratzea lortzen dugun. Gogoz hasi dut txapelketa”.
Atzokoa partidu oso lehiatua izan zen. Pilotari gernikarrak esan bezala, garaipena oso garrantzitsua izan da eurentzat. Txapelketako bikote gogorrenetariko bat eduki zuten aurrean: “Bikote oso gogorra, konpletoa da, eta guretzat oso garrantzitsua zen txapelketari hasiera hau ematea”.
Lau pilotariek itxura oso ona eman zuten Eibarko Astelenan, partidu oso ona egin zuten. Markagailuak erakusten duena baino lehia estuagoa eduki zuten. “22 eta 21eko emaitza normala izango zen, partidua alde batera zein bestera joan ahal izan zen”, dio Arrizabalagak. Erritmo oso altuan mantendu ziren hasieratik amaierara; atzelari biek ia ez zuten huts egin, eta aurrean, Arrizabalak eta Aldaik euren jokoa erakutsi zuten. Emandako mailagaz “oso gustura” geratu zirela azpimarratu du gernikarrak.
Olatz Arrizabalaga (pilotaria): “Aukera polita da behingoz bikotekako txapela irabazteko. Gogoz hasi dut txapelketa”.
Bi aste barru lehiatuko dute ligaxkaren 2. jardunaldia, Ormaiztegin. Arrizabalagak eta Gamindek Itsaso Erasun eta Miriam Arraizaren kontra jokatuko dute. Ligaxkaren azkenengo partidu horretarako gernikarra eta laukiztarra dira faboritoak: “Partidu gaitza asteburukoa izan da, eta hurrengo hori, berez, errazago irabazteko da. Baina ez dakigu partidura gu zelan egongo garen edo eurak zelan helduko diren. Eurak bikote moduan ez ditugu inoiz ikusi”. Aldairen eta Capellanen kontrakoan modura, serio jokatuta, aurrera ateratzeko moduko partidua izango dela pentsatzen du aurrelari gernikarrak.
Martxoaren 13an finalerdiak, Lezon, eta martxoaren 27an finala, Irunen.
Arrizabalaga pilotari moduan asko hazi, hobetu da azken urteotan. Txapelketako izen handietako bat da. Bere burua seguruago ikusten du: “Seguruago jokatzen dudala igartzen dut nire jokoan, ez naiz hainbeste prezipitatzen, burua lasaiago daroat partiduetara, eta hori eskertzen da halako finalak jokatzerako orduan. Lehenengo txapelketatik bigarrenera saltoa ikusi nuen, joko erasokorragoa, airez gehiago sartzen naizela”. Joko “eraginkorragoa” daukala dio: “Urte batetik bestera xehetasunak hobetzen joan naiz. Joko maila onean ikusten dut nire burua, eta irabazteko gogoz gaude”.