Muxikako Inamako eta Miangoko industria lurzoruak aktibatu gura ditu Jaurlaritzak
Inama lantegi zaharraren erosi, eta lehendik zeuden eraikinak eraitsi ondoren balioztatze fasea hastea aurreikusi du Jaurlaritzak. Epemugarik barik lantzen ari diren proiektuen artean sartu du eskualde mailako industrialdea aktibatzearena.
Eusko Jaurlaritzak 32 udalerritako industria lurzorua aktibatuko du, tartean Busturialdekoa. Besteren artean, Muxikako Inamako eremua eta eskualde mailako Miango industrialdea aktibatzea du helburu.
Inama lantegi zaharra erosi, eta lehendik zeuden eraikinak eraitsi ondoren balioztatze fasea hastea aurreikusi du. Hain zuzen, Inamako lantegi zaharreko eremua urbanizatuko dute, eraikina zaharberrituz eta inguruan beste eraikin batzuk eraikiz.
Epemugarik barik lantzen ari diren proiektuen artean sartu dute eskualde mailako industrialdea aktibatzearena. Jaurlaritzaren jabetzakoak ez diren lurzoruak erostea aurreikusi dute: “Gure jabetzakoak ez diren lurzoruak erosi eta inbertsio gehiago izango dira tramitazio urbanistikorako”.
Industria lurzoruak aktibatzeko programa Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurune Sailak industria lurzoruaren estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia horrek oinarritzak hartzen du erabiltzen ez diren eta eta deskontaminatzeko premia duten lurzoruak berreskuratzea. Halaber, jasangarritasunaren “ikuspegia indartzen” duela diote, Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategiaren esparruan.
“Euskadik lurzoru gutxi du bere jarduera ekonomiko nagusia –industria– bultzatzeko, eta horregatik, lurraren babes globalaren aldeko apustua egin du. Ingurumenaren zaintza, jasangarritasuna eta enplegua sortzen duen sustapen ekonomikoaren alde egin du”, adierazi du Arantxa Tapia Industriako sailburuordeak.
Kutsatutako lurzoruen arloan, 2020-2024ko Gobernu programak helburu bezala finkatu du kutsatutako 400 hektarea lehengoratzea, sail eta erakundeekin lankidetzan. Hain zuzen, Sprilur –enpresa hori arduratuko da Inamako zaharberritzeaz– eta Ihobe Sozietatearekin izandako lankidetza azpimarratu du Tapiak: “Elkarrekin egindako lanari esker posible izan da ekonomia eta ingurumen arloetako helburu bikoitzaren alde lan egitea”.
Inflexio puntua.
Historikoki erabilpenik izan ez duten lurren lehengoratze prozesuan, aurtengo urtea “inflexio puntua” dela adierazi du Tapiak. “2021ean ahalegin estrategiko eta ekonomiko handia egin da, eta horri esker, ezohiko baliabideak jarri dira lurzoruen lehengoratze prozesuaren eta eskaintzaren zerbitzura”, adierazi du sailburuak. Gaineratu du guzti hori jasangarritasuna eta industria jardueraren sorkuntza printzipioak errespetatuz egingo dela.
Hainbat kasutan denboran “kateatuta” egon diren “hainbat operazio desblokeatu” direla azpimarratu du Tapiak: “Lurzorua erosi, prestatu, berritu eta aktibatzeko prozesuek eskatzen dituzten epeak guk nahi edo aurreikusi genituenak baino luzeagoak dira, askotan udalerrien hirigintza eraldaketaren eta sektore administrazioen kudeaketaren tramitazioen menpe egoten direlako.
Industria lurzorua aktibatzeko 35 ekintza ditu martxan Eusko Jaurlaritzak, 32 udalerritan banatuta eta 255 milioi euroko inbertsioagaz.