Behatu, zenbatu eta ondorioztatu
Beste urte batez, ‘Inguruko hegaztiak’ ekimena jarri du martxan Urdaibai Bird Centerrek. Inguruan dauden hegaztiak behatzea bilatzen du, ondorioak ateratzeko.
Denbora faltak estutu egiten du, eta denbora librearen bilakaera horretan, zereginak pilatu eta korapilatu egiten dira askotan. Denbora estutzen da, denboraren esklabo bihurtzera ailegatu arte. Pandemiagaz, baina, bat-batean, denbora gelditu zen. Astirik ez zuten askori mundua beste begi batzuekin begiratzeko aukera eman zien. Inguruan zutena ikusteko aukera eskaini zien, erreparatzen ez zuten hori behatzeko parada, alegia.
Inguruko hegaztiak ekimenari esker, inguruan zituzten hegaztietan jarri zuten begirada Busturialdeko hainbat eta hainbat herritarrek. Urdaibai Bird Centerrek bultzatutako proiektuak etxe, parke eta lorategietatik gertu dauden basa-hegaztiak ezagutzeko aukera eskaini zien.
Etxeetako balkoi, ortu zein terrazetan hegaztientzako neguko janlekuak jartzean datza ekimenak, horiek etxeetatik gertuago elikatzea ahalbidetuz. Janleku horiei esker, hegaztiez gozatzeaz gain, horiei buruz ikastea bultzatzen du. “Eta ez hori bakarrik. Ze hegazti hurbiltzen diren apuntatzea eskatzen dugu. Izan ere, informazio horretatik hainbat ondorio lortzen ditugu”, adierazi du Edorta Unamuno Bird Centerreko biologo eta ekimenaren bultzatzaileak.
Urte osoan garatu daitekeen proiektua bada ere, neguan gauzatzen dute. Izan ere, hegaztiek nahikoa elikagai edukitzen dute udaberrian eta udan, nahiago izaten baitute inguruan arazorik barik aurkitzen dituzten intsektu eta fruituez elikatu. Hala ere, udazkenean eta negu hasieran, hegazti txikiak janlekuetara joango dira, neguaren gogortasunari aurre egiteko. “Udaberria heltzerakoan, txoriak euren janaria topatzeko gai izaten dira, txitak jartzen dituztelako. Guk kakahuete eta pipak jartzen dizkiegu, karbohidratoak. Baina ugalketa garaian, txitek proteinak behar dituzte”, dio Unamunok.
Europako iparraldean oso errotuta dagoen proiektua da, urtero milaka familiak parte hartzen dutelako. Busturialdean, duela ia hamar urte hasi ziren garatzen: “Ikusten genuen halako proiektuak bazeudela eta garatzen zirela beste leku batzuetan. Ingalaterran eta Irlandan jende piloa batzen zen. Ingalaterran bakarrik 600.000 familia daude proiektuan parte hartzen”.
Gaur gaurkoz, Euskal Herri mailan 200 pertsona baino gehiagok bat egin dute proiektuagaz; Urdaibaikoak dira asko. “Batez ere konfinamendu garaian bultzatu genuen proiektua. Etxeetan sartuta egon ginen, eta janleku asko jarri zituzten herritarrek. Asko gozatu zuten. Izan ere, asko ziren etxera hurreratzen zitzaizkien hegaztiak, eta horiek ikusteko denbora zuten”.
Baserri eskolak eta ikastetxeek ere parte hartzen dute proiektuan. Hain zuzen ere, Muxikako Urretxindorra eta Gautegiz Arteagako Montorre Herri Eskolan sustatu zuten ekimena. ”Proiektua oso erakargarria zen, eta 2006an, zentroa zabaldu aurretik, Montorrekoekin eta Urretxindorrakoekin lanean hasi ginen. Montorren arazo bat izan zuten obrekin eta ez dute jarraitu proiektuagaz, baina Urretxindorran bai. Eskolaren atzealdean dituzten janlekuetan jatekoa jartzen segitzen dute. Eta jolasordu guztietan, astean, gelaka, behatoki antzeko gela batetik igaro eta hegaztiak zenbatzen dituzte ikasleek. 4 urtekoak 13 urtekoekin nahastuta igarotzen dira eta hegaztien kontaketa egiten dute egunero, bakoitzak bere mailan”, azaldu du biologoak.
Nekazaritza ekologikoko ortuetan ere arrakasta eduki du ekimenak. Habiak jarri dituzte, txoriek ortuetara hurbiltzen diren intsektuak jaten dituztelako: ”Hegaztiek kumaldi bakoitzean –zazpi kuma jartzen ditu, adibidez, kaxkabeltzak–, milaka intsektu harrapatzen dituzte txitei emateko. Mesede egiten diete euren ekoizpenari, pestizidak alde batera uzten dituztelako”.
Joerak
Jasotzen dituzten datui esker, joerak identifikatzen dituzte. Negu batean zein hegazti espezie gelditu diren jakitea garrantzitsua da, hegaztiek klima aldaketari buruzko datuak ere ematen dituztelako: “Garrantzitsua da jakitea ze joera egon diren aurreko urteetan, aldaketaren eboluzioa aztertu ahal izateko. Hurbiltzen diren hegaztiak txikiak dira: kaskabeltzak, kardamiruak, tarinak… Horiek dira klima aldaketaren adierazlerik onenetarikoak, baita gure inguruko aire kalitatearen adierazle apartak ere”.
Azken urteetan joera desberdinak aztertu dituzte. 2020an neguko txori –iparraldetik datozenak– gutxiago hurreratu ziren. “Negu epela izan zen Europa iparraldean, eta urtero Urdaibaira etortzen ziren hegaztiak iparreko leku horietan geratu ziren. Espezie batzuk ikusi ere ez ziren egin, negutxontak, esaterako. Tarinak ere oso gutxi ikusi genituen, eta normalean talde izugarriak gerturatzen dira. Iaz, berriz, bat-batean negutxonta pilo bat eta tarin pilo bat ikusi genituen. Epe laburreko datuak dira, beraz, kontu handiz aztertu beharrekoak dira”. Joerak, gainera, urte luzeetan bereizten direla azpimarratu du.
Ekimenak hegaztiengana hurbiltzeko ere balio du: “Txoriei buruz ideiarik ez dutenek ikasi egin dute. Ikasteko modu bat da, eta konturatzeko gure etxe ondoan txoriak daudela eta badagoela gure inguruan bizi den natura bat. Konfinamendu garaian, gero eta txori gehiago zeudela esan ziguten askok, baina ez da egia. Txoriak berdin edo gutxiago egon ziren, baina herritarrek denbora gehiago eduki zuten horiei begiratzeko”.