Kopa lehiatzeko ilusioa
Lointek Gernika Bizkaiak bart Leganesi irabazita, Erregina Kopa lehiatzeko txartela eskuratu du.
Helburua lortu dute. Beste urte batez, Erregina Kopan egongo da Lointek Gernika Bizkaia. Martxoaren 24tik 27ra jokatuko dute kopa, Valentzian.
14. jardunaldian atzeratu behar izan zuten neurketa jokatu zuten talde gernikarrak eta Leganesek atzo iluntzean [otsailak 2], Malosten. 85 eta 61 nagusitu zen etxeko taldea, eta garaipena ez eze, Erregina Kopa lehiatzeko txartela eskuratu zuen.
Marta Alberdi jokalari gernikarrak 2022ko lehenengo helburua lortzearen garrantzia azpimarratu du: “Koparako sailkatu gara, eta lehenengo bueltako partidu bakarra geratzen zaigu. Oso pozik gaude helburua bete dugulako, eta orain, kopan dena eman beharko dugu”. 15. jardunaldian Cadi La Seuren kontra atzeratutako partidua datorren astean, otsailaren 12an jokatuko dute, eta asko edukiko dute jokoan. Izan ere, irabazten duena zerrenda buru izango da kopan. “Final bat” izango dela dio Alberdik: “Eurak denboraldi oso ona egiten ari dira, lehenengo buelta oso-oso ona. Kanpoan daukagu partidu hori, eta gaitza izango da, baina laugarren postua lortu nahi dugu eta horretara joango gara”.
Marta Alberdi (Lointek Gernika Bizkaiako jokalaria): “Kopan dena eman beharko dugu. Cadi La Seuren kontra laugarren postua lortu nahi dugu”
Laugarren postu horri buruz mintzo da Roso Buch taldekidea ere: “Orain helburua zerrenda-buru izatea da, kopako lehenengo partidua handienen kontra ez izateko. Torneo polita da, jokalariok bereziki motibatzen gaituena”.
Atzoko garaipenagaz “pozik” daude, eta partidu gehiago jokatzeko gogoa daukatela aipatu du Alberdik: “Defentsan oso ondo egon ginen hasieran, egia da azkenengo sei minutuetan beherantza egin genuela, baina betiko legez defentsatik hasita, eraso on bat egin genuen”.
Nagusitasuna erabatekoa izan zenaren adierazgarri dira partzialak. 21 eta 9 amaitu zuten lehenengo laurdena, eta atsedenaldira 17 puntuko abantailagaz ( 44 eta 27) heldu ziren etxekoak. Azken laurdenera, berriz, 71 eta 48ko markagailuagaz sartu ziren.
Talde madrildarra zenbait jokalari barik heldu zen Gernika-Lumora, eta hortaz, barruko jokoan nagusitasuna izatea espero zutela adierazi du Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak: “Baloi nahikoa galdu bagenituen ere, hasiera ona izan zen”. Hain zuzen ere, sendo hasi ziren, “zentratuta eta txispagaz”. Eta gero ere ez ziren erlaxatu, eta intentsitatea mantentzeko gai izan ziren. Lehen laurdenean lortutako errentak “konfiantza apur bat” eman ziela uste du entrenatzaile gernikarrak: “Atsedenalditik aurrera, aldea handitzen joan ginen. Ez zen izan partidu oso ikusgarria, batez ere 21 baloi galdu genituelako. Hala ere, Angiek–Bjorklund- puntu asko lortu zituen, eta espero dugu horrek hurrengo partiduetarako konfiantza ematea”.
Sentsazio onak berreskuratzeko eta etxean jokatzeko gogoa zeukatela azaldu du Buchek, eta akatsak eduki bazituzten ere, orokorrean, taldeak egindako lana goraipatu du: “Eurak gutxiago zeudela jakinda, korrika eginaraztea, nekaraztea izan zen estrategia, eta ondo egin genuen. Hutsegiteak egin genituen, eta baloi asko galdu. Baina, uste dut lana ondo egin genuela. Ildo honetatik segitu behar dugu; partiduen erritmoa hartu, eta gogor entrenatzen segitu”.
Ariztimuño min hartuta. Itziar Ariztimuño jokalari bilbotarrak kolpe batean eskumako eskuan min hartu zuen partidua amaitzeko hiru bat minuturen faltan. Klubak gaur kaleratutako oharrean jaso duenez, eskumako eskuko laugarren eta bosgarren hatzamarreko hatz-hezurrak apurtuta dauzka.