Hezeguneen Mundu Mailako Eguna ospatuko dute Urdaibai Bird Centerren eta Ekoetxean
Domeka izango dute ate irekien eguna Bird Centerren. 11:00etatik 17:00etara zabalduko dute zentroa. Halaber, hainbat izango dira goizean zehar egingo dituzten jarduerak. Ekoetxea Urdaibain, berriz, hiru jarduera berezi antolatu dituzte.
Beste urte batez, Hezeguneen Mundu Mailako Eguna ospatuko dute asteburuan, Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren eta Busturiko Ekoetxea Urdaibain. Otsailaren 2a da Hezeguneen Mundu Mailako Eguna, baina bertoko bi zentroek astebururako utzi dituzte jarduerak.
Domeka izango dute ate irekien eguna Urdaibai Bird Centerren. 11:00etatik 17:00etara zabalduko dute zentroa, eta bertako ekipamenduez zein Gautegiz Arteagako hezeguneaz eta hegaztien behaketaz gozatzeko aukera izango dute bertara doazenek.
Halaber, hainbat izango dira goizeanr egingo dituzten jarduerak. Hegaztien eraztunketa zientifikoa nola egiten den erakutsiko dute lehenengo, eta udazken amaieran ipar Europako hotzetik ihesean Urdaibaiko hezegunean geldialdia egin eta oraindik ere bertan jarraitzen duten espazie asko behatu ahalko dituzte gero. Besteren artean, Eskandinabiako penintsulatik etorritako ahate txistulariak, Wadden itsasotik etorritako mokozabalak, limikoloak eta zorte on apur bategaz Muxar izeneko arrano arrantzaleak ere ikusi ahal izango dituzte bisitariek.
Aurreratu dutenez, eraztunketa zientifikoaren saioan lekuak mugatuak izango dira, beraz parte hartzeko beharrezkoa izango da izena ematea Urdaibai Bird Centerreko telefonora deituz: 94 625 11 57.
Garrantzi berezia. Esparru lokaletik jendea kontzientziatzea bilatuko dute domekan. Izan ere, hezeguneen eguna ospatzeak “garrantzi handia” du hezeguneetako izaki bizidunak babesteko. “Beharrezko eskualdeak dira hainbat eta hainbat animaliarentzat, euren bizitza bertan egiten dutelako; migrazioa egiten duten hegaztientzat ere berebiziko garrantzia dute hezeguneek”, azaldu dute zentroko ordezkariek.
Hain zuzen ere, hezeguneak zaintzea gizateriaren eta naturaren alde jardutea dela erakutsi gura dute aurten. Hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea dela deritze. Kapital finantziario, gizatiar eta politikoak munduko hezeguneak “salbatzeko unea” dela uste dute, baita degradatutakoa lehengoratzeko momentua dela ere. Horregatik, domekako jardueretan hezeguneek duten garrantzia azpimarratuko dute, baita ekosistema hain hauskor horiek biodibertsitatearentzat eta gizateriarentzat duten garrantzia nabarmendu ere: “Izan ere, uholdeak murrizten dituzte, uraren eta airearen kalitatea hobetzen dute, giza ongizatea sustatzen eta pertsonentzako bizibidea izaten laguntzen dute”.
Hiru jarduera berezi Ekoetxean. Asteburuetan jarduera ugari antolaten dituzte Busturiko Ekoetxea Urdaibain, eta hurrengoan ere berdin egingo dute. Hala ere, Hezeguneen Mundu Mailako Egunaren harira, hiru jarduera berezi prestatu dituzte.
Zapatuan, familientzako orientazio martxa bat antolatu dute; 6 urtetik gorako umeentzako gomendagarria dela diote, eta 11:00etan abiatuko dira zentrotik. Naturan egindako orientazio ekintzek naturgunearen eta bizidunen arteko loturak ezartzeko balio dute; “horiekiko errespetua eta kontzientziazioa sustatuz”. Horiek dira, hain zuzen ere, orientazio martxa horren helburuak. Parte hartzaileek, gainera, modu askean diziplina horretan trebatzen hasteko aukera izango dute. Zailtasun txikiko sei kilometro inguruko ibilbide zirkularra egingo dute Urdaibaiko naturgune esanguratsuak ezagutuz. Familientzako orientazio martxa doan izango da.
Bioblitz jarduera ere zapaturako antolatu dute, 10:30ean. Eremu jakin bateko biodibertsitatea aztertu eta dokumentatzeko modu bat da. Jarduera horrek Urdaibaiko Padura (Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hezegune garrantzitsuena), bertan bizi diren espezieak eta haien arteko harremanak ezagutzeko balio du. “Urdaibaiko Biosfera Erreserba enklabe ezin hobea da bertan bizi diren espezieak zientzialariak bagina bezala aurkitu eta dokumentatzeko”, azaldu dute zentroko arduradunek. Biodibertsitateari eta herritarren zientziari buruzko sarrera labur batzuk, iNaturalist aplikazioari buruzko azalpen teknikoak, argazkiak behar bezala hartzeko pausoak eta datu bilketa nola egiten den ikusi eta gero, hezegunea zeharkatuko dute, parte hartzaileek ahalik-eta espezie gehien aurkitu, bildu eta identifika ditzaten, tabletekin edo mugikorrekin argazkiak eginez. Kanpoko lana egin ondoren, Ekoetxeara bueltatuko dira egindako behaketen eta identifikatutako espezieen errepaso labur bat egiteko.
2 euro ordaindu beharko dira.
Domekan, berriz, Gautegiz Arteagako Ozolloko marea errota ezagutzeko ibilbide gidatua egingo dute; 10:30erako jarri dute hitzordua Gautegiz Arteagako udaletxean. Aipatu marea errota euskal kostaldean hoberen kontserbatutakoa dela diote, eta horrek ondarearen ikuspuntutik “oso interesgarri” egiten du. “Bertan bizi diren izaki bizidunak ere ezagutuko ditugu, ingurune honek denboraren joanagaz jasandako aldaketei begiratuz, Urdaibaiko paisaia ederrenetako batzuk ere bertatik bertara ikusiko ditugularik”. 2 euro ordaindu beharko dira.
Hiru jardueretan parte hartzeko, baina, aldez aurretik izena eman beharko da: 94-687 04 02/info.urdaibai@ekoetxea.eus.