Foruko eta Muruetako alkateekin bildu da URAko zuzendari nagusia
Herrietako gune desberdinak aztertzen ibili zen Aiz, Mikel Magunazelaia eta Julen Karrion alkateekin.
Uraren Euskal Agentziako (URA) zuzendari nagusi Antonio Aiz, Foruko alkate Mikel Magunazelaia eta Muruetako alkate Julen Karrionekin bildu zen atzo, bere talde teknikoarekin batera.
Hirigintza-plangintzaren egoera aztertzen ibili ziren Foruan. Arroko ibaien egoera onarekin bateragarria den garapen berrietarako horniduraren bermeaz aritu ziren, baita ere Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak horren inguruan egindako aurreikuspenei buruz.
Era berean, Olaetako errekaren egoera eta inguruan behin eta berriz gertatzen diren uholdeak elkarrekin aztertzeko aprobetxatu zuten. Azaldu dutenez, URAk udalerriko ibaien ibilguak lehengoratzeko eta kontserbatzeko eta Landaberde eta Etxetxiki mantentzeko eta kontserbatzeko lanak egiteko proiektu bat egiteko konpromisoa hartu du.
Muruetan, berriz, udalaren eta URAren arteko Lankidetza Protokoloa sinatzea erabaki zuten, “udalerria zeharkatzen duten hainbat erreka mantentzeko eta kontserbatzeko lanetan batera jarduteko”. Era berean, duela gutxi eraikitako itsasadarraren ezkerraldeko saneamendu-kolektorearen lanen erremateen egoera aztertu zuten batera Karrionek eta Aizek.