Euskaraldiak parte hartzaileen hizkuntza portaeretan eragin du
2018an baino parte hartzaile gutxiago izan zituen 2020ko Euskaraldiak.
2020an burutu zen Euskaraldiaren bigarren edizioan 178.184 belarriprest eta ahobizik eman zuten izena; 2018an baino %20,9 gutxiagok. Izen emateen jaitsiera horretan COVID-19ak izandako eragina nabarmendu dute koordinazio mahaiko kideek. Hala ere, bost parte hartzailetik batek lehen aldiz eman zuen izena ariketan; belarripresten artean lehen aldiz izena eman dutenak gehiago izan dira.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du ariketa masiboa izan dela, eta hel daitekeen unibertso potentzialaren %15era iritsi dela bigarren edizioa. “Hala ere, badu hedatzeko aukera, bereziki hiriguneetan kale presentzia handituz”.
Euskaraldiaren azken edizioaren ikerketa sakona egin dute, eta hori aurkeztu dute gaur Bilbon. Ikerketa honek, aurrekoaren modura, ariketari buruzko joera asko azaleratu ditu. Hiru ikerketa ildo zehaztu dituzte: Euskaraldian parte hartu dutenei buruzko azterketa, norbanakoena eta entitateena; parte hartzaileen, norbanakoen zein entitateen jardunari eta jardun horren eraginari buruzko azterketa; eta, batzordeen eta prozesuen azterketa.
Ikerketa honek, aurrekoen moduan, ariketaren inguruko joera asko azaleratu ditu. Erakutsi du, besteak beste, zenbat eta euskaldunagoa izan ingurua, orduan eta altuagoa dela ahobizien kopurua; gune erdaldunagoetan, aldiz, altuagoa da belarripresten proportzioa. Eta lehen edizioan gertatu zen bezala, ahobizi nabarmen gehiago izan ziren belarriprestak baino. 2020an emakumezkoak izan ziren parte-hartzaileen bi heren, eta adin-tarteen arabera, 30-44 urte artekoena nagusitu zen.
Parte hartzaile gehienek euskararen erabilera handitzea izan dute helburu; eta belarripresten artean euskaraz egiteko aukera berriak bilatzea izan da asmo nagusia. “Ahobizi eta belarriprest rolaren hautaketa, ordea, hizkuntza gaitasunarekin lotzen da oraindik ere. Baina hizkuntza jokabidearen aldeko hautua ageriagoa da belarriprest rola aukeratu dutenen artean”, zehaztu dute arduradunek.
Kaleko eremuan eman da aurrerapausorik “handiena eta egonkorrena”, nahiz eta zailena izan den rolen konpromisoa betetzea.
Entitateak. Ariguneetatik kanpo ere nabaritu da Euskaraldiaren eragina. Entitateetan ariketa lehen aldiz egin zen 2020an, eta horrek ariguneetan ariketa “modu kolektiboan” egiteko aukera eman zien herritarrei. Hala, 8.309 egoitzak izena eman zuten, eta 24.363 arigune sortu zituzten.
Ikerketak azaleratu duenez, kanpo ariguneak sortzea errazagoa iruditu zaie entitateetako kideei, eta barne ariguneek “lanketa sakonagoa” behar izan dute.
Azterketak zehaztu du euskararen aldeko konpromisoa adierazteak eragin handiagoa izan duela entitateetan ariguneak sortzeko arrazoien artean, “erabilera handitzeak baino gehiago”.
Eraginik handiena ariguneetako kideen artean antzematen da, baina gainontzeko harremanetan ere islatu da: arigunetatik kanpoko entitateko kideekin zein entitatekoak ez direnekin.
Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak adierazi du pandemiak eragin nabarmena izan zuela ariketan: “Kaleko presentzia asko gutxitzeak eragingo zuela bagenekien. Hala ere, partaideek, oro har, balorazio ona egiten dute». Era berean, aurtengo 2022ko ariketa soziala ikusgarriago egin beharra aldarrikatu du, aktibazioaren urtea izango dela azpimarratuz. Horretarako, kalea berreskuratu behar da, baita identifikagarri eta txapen erabilera indartzeko lan gehiago egin ere”.
Aurten, Hitzez ekiteko garaia da. Aurrera egiteko hitza eta ekintza uztartzeko beharra dago, eta horretan lan egingo dute aurten. azterketatik ondorioztatzen den bezala, parte-hartzaile askok aurrerapen garrantzitsuak izan dituzte beren inguruneko harremanetan eta euskararen erabileran. Eta horretan jarraitu behar dugu, hizkuntza ohitura aldaketak epe ertain-luzeko prozesuak baitira.