Euskal gizartean emakumeek izan duten eragina, lehen lerrora
Emakumeek bizitzaren eta gizartearen arlo ezberdinetan izan duten garrantzia azaleratuko du Euskal Herria museoak otsailean eta martxoan; euskarazko eta gaztelerazko bisita gidatuak antolatu dituzte.
Museotik paseo berezia eskainiko du Euskal Herria Museoak otsailean eta martxoan. Hain zuzen, Emakume artean paseatzen bisita gidatua da bi hilabeteotarako prestatu duena. Gizartearen arlo ezberdinetan emakumeak izan duen parte hartzea azaleratzea du helburu museoak ekimen horregaz.
Emakumeak politikan, erlijioan edo ekonomian subjektu aktibo bezala izan duen parte hartzea landuko dute. Alegia, kultura sorkuntzan emakumeak izan duen presentzia landuko dute, baita emakumeak bere borondatez bete dituen rolak eta lanak zeintzuk izan diren aztertu ere, behartuta egin behar izan dituenak ahaztu barik. Era berean, euskal tradizioaren trasmisore eta memoria kolektiboaren bultzatzaile ere izan dira.
Lan hori guztiori erakutsiko dute domekan [otsailak 6] eta hilaren 19an, eta martxoaren 7an eta 20an euskaraz eskainiko dituzten bisita gidatuetan.
Euskal Herriko historian ezagunak diren emakumeen izenak gutxi izan arren, haien eginkizuna erabakigarria izan da lurraldea eraikitzeko orduan. “Museoko aretoetara egingo dugun bisita honetan, gure protagonisten lana eta funtsezko erabakiak plazaratzeko aukera izango dugu: erreginak, kirolariak, artistak edota, besterik barik, emakume langile anonimoak”, diote museoko ordezkariek. Nabarmendu dute emakume guztiak ez direla euskaldunak.
Hori guztia museoaren bilduma aztertuz landuko dute domekan, 12:00etan. Bertara joan gura dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute, 94-625 54 51 telefono zenbakira deituta edota euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzita.
BISITAK:
Euskaraz. Otsailaren 6an eta 19an eta martxoaren 7an eta 20an.
Gaztelaniaz. Otsailaren 13an eta 27an eta martxoaren 12an eta 27an.