Museo Komunitarioaren ideia lantzen hastea proposatu du Gernika Memoriaren Lekukok
Udal aurrekontuetako parte hartze prozesuan Museo Komunitarioaren idea lantzen hasteko proposamena aurkeztu du Gernika Memoriaren Lekukok. "Ezinbestekoa" dela udalerriko kultura sistemaren diagnostiko erreala egitea adierazi dute.
Udal aurrekontua eztabaidatzen ari dira egunotan Gernika-Lumon, eta Gernika Memoriaren Lekuko plataformak ekarpena egin gura izan du. Hori dela eta, kulturari buruzko gogoetak eta proposamen ezberdinak aurkeztu ditu udaletxean, tartean Museo Komunitarioaren ideia lantzen hastekoa.
Museo komunitario bat “komunitateak berak” sortzen duela diote Gernika Memoriaren Plataformakoek, tresna bezala, bere ondarearen jabetza fisiko eta sinbolikoa babesteko. “Herriaren memoriaren ezagutzatik abiatuta, hausnarketa, kritika eta sormena bultzatzen du komunitateak. Nortasuna indartzen du, norberaren historia eta balioak legitimatzen dituelako, komunitatearen bizimodua barrura eta kanpora proiektatuz”, azaldu dute.
Museo Komunitario bat beste komunitate batzuekiko kultura trukerako “zubi bat” ere badela uste dute, interes komunak aurkitu eta partekatzeko tresna, aliantzak egitekoa eta herri parte hartzaileago eta justuago bat eraikitzekoa. Plataformaren parte diren elkarteek onartu dute euren Museo Komunitarioa sortzen saiatu zirela bonbardaketaren 50.urteurrenean, eta ideia horregaz jarraitzeko gogoa adierazi dute. “Picassoren Guernica margolana hartuko zuen museoa proiektatzeko lehiaketa antolatu genuen. Urte gutxi falta dira Gernika bonbardatu zeneko 100. urteurrena betetzeko. Guernica margolanak ere ehun urte beteko ditu, ondorioz. Zergatik ez hasi Museo Komunitarioaren ideia lantzen mendeurrenari begira?”, galdetu dute.
Asmo hori gauzatzeko, aurtengo xedea esperientziak ezagutzea litzatekeela diote; hau da, aurretik munduan egon diren egitasmoen berri izatea. Horretarako, ezagutzarako espazioak sortzea proposatu dute: hitzaldiak, konferentziak, esperientzien laborategia… Halaber, ideien garapenaz arduratuko den taldearen osaketa eraikitzea eskatu dute, baita ideia “modu kolektiboan” eraikitzea ere.
Diagnostikoa. Horretarako, baina, “ezinbestekoa” dela udalerriko gaur egungo kultura sistemaren diagnostiko bat egitea diote. “Aztertu behar dugu zein diren eragileak, eta nola artikulatu behar ditugun eragile horiek gure kultura sistema propio bat garatzeko”. Kanpo azterketa egitea eta urte amaieran txostena aurkeztea izan daitekeela helburua adierazi dute, “horrek prozesu guztia marrazten duelako, dagokion diru saila gehituz azterketa gauzatzeko”.
Izan ere, kultur taldeen arteko “inkomunikazioa” ematen dela plazaratu dute. “Komunikazio sare bat antolatu beharko litzateke, egitasmoak plazaratzeko, elkarlana bultzatzeko… Kultura demokratizatu eta sozializatu egin behar da. Nazio proiektu batean garrantzitsua da kultur sistema eta komunikazio sistema indartsuak izatea”, adierazi dute.
Gernikan kultura bultzatzeko batu beharra dagoela diote, diagnostiko partekatu bat egin eta ahal bada, sortzen diren kezka eta asmoei aterabide bat eman. “Kulturaren biziberritze lan bat egin behar dugu. Ekintza isolatuetan jardutea baino, jarraitasuna izango duten egitasmoak finkatzea da helburua”.
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak eta berau osatzen duten eragileek “subjektu aktiboak” izan gura dute, eta horretarako lan egingo dute: “Ez ditugu iradokizunak helarazten beste norbait gara ditzan. Kultura gu garenaren pate da, beraz, kultura –bere adierarik zabalenean– egiteko tresna gisa kokatzen dugu gure burua”.