‘Monopolia. Agua: negocio y poder politico’ dokumentala jarriko dute etzi Bermeon
Goiko Plazako Kabidxen ikusi ahalko da dokumentala, 19:00etan.
Monopolia. Agua: negocio y poder politico dokumentala Gernika-Lumon ikusteko aukera eduki ez zuten horiek, Bermeon izango dute horretarako aukera. Hain zuzen ere, etzi [eguena, otailak 3] jarriko dute Goiko Plazako Kabidxe Gune Sozialean, 19:00etan.
Ura, negozioa eta botere politikoa. Hiru kontzeptu horiek uztartzen direnean sortzen den monopolioari buruzko dokumentala egin du Ecoperiodismo taldeak. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kasua aztertzen du eta Busturialdeko Ur Partzuergoaren integrazioa ere jorratzen du. Dokumentala egiteko, hainbat iturri kontsultatu dituztela esan du dokumentalaren zuzendari Ricardo Gamazak, lan erraza ez dela izan aipatuta; izan ere, hainbatetan Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko arduradunekin elkarrizketa bat eskatu arren, ez dute erantzunik jaso: “Enpresa publikoa da, eta azalpenak eman beharko lituzke”.
Ura eta negozioei buruzko trilogia baten bigarren atala da Monopolia. Agua: negocio y poder politico dokumentala. Trijeros del agua izeneko lehenengo ikus-entzunezkoan uraren pribatizazioak dakartzan arriskuetan sakondu zuten Ecoperiodismo taldekoek, Cadizko uraren kasua aztertuz, han uraren kudeaketa publikoa, pribatua eta mistoa baita.