Lan erreformaren onarpenaren kontra egiteko batuko dira euskal langileak
Lan erreformaren onarpenaren kontrako protestak egiten jarraituko dute sindikatuek egunotan. Biharko elkarretaratzeak deitu dituzte Gernika-Lumon eta Bermeon.
LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta Etxalde sindikatuek osatzen duten euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzeak egingo dituzte lantokien aurrean bihar. 11:00etan Lekeitioko udaletxearen aurrean jarri dute hitzordua, eta 12:00etan Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletxeen aurrean eta Ondarroako Alamedan batuko dira.
Sindikatuak EAJ eta Podemos alderdiekin batzartu ziren atzo, eta Podemosi hitza betetzeko “exijitu” zioten; hau da, “lan erreforma indargabetzea izatea Langileen Estatuturako oinarri berria”. Izan ere, lan erreforma moldatzeko Madrilgo Elkarrizketa Sozialeko mahaian lortutako akordioaren baliozkotzea landuko da Espainiako Kongresuan eguenean [otsailak 3]. Euskal gehiengo sindikalak “gogor” kritikatu du akordio hori, “ez dituelako bertan behera uzten PPk eta PSOEk 2010an eta 2021an ezarri zituzten Lan Erreformak, eta dekretu horren bidez, langileentzat kaltegarrienak diren neurriak mantendu eta betikotzen dituelako”.
Hori dela eta, Madrilen ordezkaritza duten alderdi batzuekin batu dira sindikatuak, eta “euskal langileek behar dituzten aldaketak” bultzatzeko eskatu diete. “Sindikatuak 2010 eta 2012 arteko hiru lan erreformak indargabetzeko eskaera egiten ari gara. Izan ere, erreforma horiek aldebakartasunez negoziazio kolektiboa indargabetzeko aukera eskatzen zioten patronalari, baita langileak merke eta erraz kaleratzekoa, malgutasuna ezartzekoa, eta estatalizazioa edota mugikortasuna inposatzekoa ere”, azaldu dute. Hain zuzen, uste dute langileen lan baldintzak prekarizatzeko tresna diren neurri horiek desagertu ondoren hasi beharko litzatekeela beste lan erreforma baterako negoziaketa.
“Erabateko indargabetzearen” bidean, bi gai mahaigaineratu dituzte: “Alde batetik, kaleratzeak egiteko patronalak dituen erraztasunak, eta bestetik, euskal lan harremanen esparrua erasotzen duen negoziazio kolektiboaren estatalizazioa”. Aipatu bi gaiak moldatzeko ekarpen teknikoak ere egin dituzte sindikatuek, bi helburu zehatzekin. Patronalak kaleratze objektiboak egiteko dituen erraztasunei mugak jartzea eskatu dute, eta euskal gehiengo sindikalaren negoziazio kolektiboa errespetatua izatea. Bi zehaztapen horiek beteko ez balira, sindikatuek erreformari ezetza emateko eskatu diete alderdiei.
Alderdien botoez gain, euskal langileen ahotsa ere “beharrezkoa” dela diote sindikatuek, eta kalera ateratzeko deia egin diete, akordioaren kontra egiteko, erreformaren moldaketak aldarrikatzeko eta aurreko lan erreformek ezarritako neurri atzerakoiak bertan behera uzteko. “Beharrezkoa da euskal alderdiek euskal langileen ahotsa eta aldarrikapenak Madrilen defendatzea, eta langileek lan eta bizi baldintzak duintzeko behar dituzten aldaketak bultzatzea eta defendatzea”.