Lointek Gernika Bizkaiak luzapenean irabazi dio Campus Prometeri
Erregina Kopa jokatzeko txartela lortzeko bidean, garaipen garrantzitsua lortu du talde gernikarrak, Logroñon. Eguaztenean Leganesen kontra jokatuko du Malosten, 14. jardunaldian atzeratu zuten neurketa.
Emakumezkoen Ligan Lointek Gernika Bizkaiak 70-74 irabazi zion Campus Prometeri atzo [urtarrilak 30]. 13. jardunaldian atzeratu behar izan zuten partidua izan zen atzokoa.
62nako berdinketaren ostean, luzapenean lortu zuen garaipena talde gernikarrak.
Lehenengo bi laurdenetan markagailuan atzetik joan eta gero, hirugarren laurdenean berpiztu zen Gernika. Aurrerapausoa eman zuen. Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak dio ondo hasi baziren ere, defentsan zein erasoan ezin izan zutela euren jokoa egin: “Partiduaren hasiera IDKren kontrakoaren antzekoa izan zen. Ondo hasi ginen”. Gero, baina, defentsan zalantzekin aritu ziren, eta Lopezek esan bezala, lehenengo zatian erasoan ez ziren “batere eroso” aritu: “Gauza errazetan huts egin, eta bertikaltasun oso gutxi eduki genuen erasoan”. Ausardi faltagaz aritu zirela zehaztu du entrenatzaileak. 39 eta 33ko markagailuagaz amaitu zuten lehenengo zatia.
Atsedenalditik bueltan, ostera, “energia gehiagogaz” jokatu zuten jokalariek, batez ere defentsan: “Jaurtiketarako aukera onak bilatzeko arazo asko izan genituen. Jaurtiketak amaitzeko, puntuak lortzeko jokalariak baditugu, eta beste modu batzuk topatu beharko ditugu. Luzapenean jokoa ondo kontrolatu genuen, puntuak lortu eta oso ondo defendatu genuen, erasokor”.
Erregina Kopa jokatzeko txartela lortzeko bidean, garaipen garrantzitsua lortu du talde gernikarrak asteburuan. Baina puntuak pilatzen segitu behar dute, gorabeherak gorabehera, sentsazio onei zein lehiarako erritmoari eutsi behar diote. “Garaipena oso garrantzitsua da, eta ez bakarrik koparako aukerengatik. Taldeak azkenaldian eduki dituen sentsazioak ez dira onak izan, eta espero dugu eguaztenean Leganesi irabazteko eta sailkapenean gorantz joateko garaipen honek bultzada ematea”, adierazi du Lopezek.
22 puntugaz, ligaren sailkapenean hamargarren postua dago Gernika-Lumoko kluba, eta COVID-19agatik atzeratutako partiduak jokatuko ditu datozen asteotan. Eguaztenean Leganes hartuko du Malosten, 20:00etan; otsailaren 23an Gran Canariaren kontra, martxoaren 2an Avenidaren kontra eta martxoaren 9an Teneriferen kontra jokatuko du.