Hamabost egunetan, ia 5.000 odol-emate zenbatu dituzte
Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak deituta, 15 egunetan ia 5.000 odol-emate lortu dituzten arren, odola ematen jarraitu behar dela dio Gernika-Lumoko Odolkideak elkarteak, "ospitaletan dauden beharrizanak betetzeko". Herritarrei odola emateko deia egin diete.
Urtarrilaren 17tik 31ra bitartean, 5.000 odol-emate lortzeko erronka ezarri zuen Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak; izan ere, pandemiaren seigarren olatuaren eraginez, odol bankuetako erretserbak “oso urriak” ziren. Gaurko odol-emateak zenbatu barik, 4.692 odol-emate lortu dituzte. Hala, 308 falta zaizkie helburua lortzeko, eta lor dezaketela uste dute. Horregatik, herritarrak animatu dituzte odola ematera joatera.
Ezarritako erronka betetzeko gutxi falta denean, “gutxieneko erretserbak betetzeko beste” odol egongo dela aurreikusi dute Euskadiko Odol Emaileen Elkarteko kideek, eta emaileei euren esker ona adierazi diete: “Asko izan zarete odola ematera animatu zaretenak eta eskerrak eman nahi dizkizuegu“.
Hala ere, odola ematen jarraitu behar dela dio Gernika-Lumoko Odolkideak elkarteak, “ospitaletan dauden beharrizanak betetzeko”: ebakuntzak, tratamendu onkologikoak, gaixotasunak, makatasunak eta beste asko.
Hala, eskualdean odola emateko deia egin dute. Gernika-Lumon bihar eta otsailaren 7an egongo da odola emateko aukera. Bihar, 09:15etik 14:00etara bitartean Elai Alai aretoan eman ahalko da, eta 16:30etik 21:00etara bitartean Foru plazan. Otsailaren 7an, berriz, ordutegi berean Foruen plazan egongo da odola emateko aukera.
Bermeotarrek, berriz, otsailaren 21ean eta 26an Lameran eman ahalko dute odola. Otsailaren 21ean 09:30etik 13:45era, eta 16:30etik 20:45era bitartean, eta otsailaren 26an, 09:30etik 13:45era bitartean.