Dantzan hasi dira Bermeoko Berbalagunak
Eskaeraren arabera, otsailaren 25etik aurrera tailerragaz jarraitzeko aukera egongo dela esan du Berbalaguneko dinamizatzaileak.
Erantzun “ona” eduki du Bermeoko Berbalagun egitasmoak antolatu duen euskal dantza errazen tailerrak. Egoeragatik, talde txikia osatu beharra eduki dute, eta taldea bete egin da.
Atalde kaleko Euskal Gunean batu ziren barikuan, lehenengoz. Euskal dantzen lehenengo urratsekin hasi ziren parte hartzaileak; “erdizka, jauzi, pika eta antzekoekin… zazpi jauzi dantzatzeko”, azaldu dute antolatzaileek. Hiru barikutako tailerra izango da, eta hortaz, otsailaren 11ra arte barikuro batuko dira, 18:30etik 19:30era.
Berbalaguneko dinamizatzaileak azaldu duenez, eskaeraren arabera otsailaren 25etik aurrera tailerragaz jarraitzeko aukera egongo da, martxoaren 11ra arte, berriro hiru eguneko tailerra antolatuz. Gainera, itxaron zerrenda zabalduko dutela aipatu du. “Momentuz, gela honetan ez gara sartzen, baina Gizarte eta Kultura Etxea erabilgarri dagoenean gela handiagoa eskatu ahalko dugu”.
Herriko berbalagunentzako tailerra da, eta horietako askok eskatutako tailerra izan dela zehaztu du dinamizatzaileak.