Eako Ulla basoan landaketa egin dute gaur
Basokideak taldekoen deialdiari erantzunez, 20 bat herritar ibili dira 500 bertoko zuhaitz landare landatzen.
Bertoko basoak berreskuratzeko apustua egin zuten Eako, Bedaronako eta Natxituko bizilagunek, eta helburu hori lortzeko beharrean ari dira.
Eako Udalak azken urteotan herri basoak bereganatzeko politikari ekin dio, eta iazko udabarrian Basokideak taldea eratu zuten.
Ulla inguruan aritu dira herritar bolondresak goizean. 500 bertoko zuhaitz landare landatu dituzte. 09:00etan Eako udaletxe atzeko plazan batu dira, eta handik abiatu da 20 bat pertsonako taldea Ulla basorantz.
Zehaztu dutenez, auzolanean egindako hirugarren landaketa da gaurkoa. Hain zuzen ere, 2022ko negu hasieran, Basokideak taldekoek 1.600 bertoko zuhaitz erosi zituzten. “Gaurkoa hirugarren auzolandegia izan da, eta oraindik beste pare bat hitzordu falta dira hasitako ekimen honi amaiera emateko”, azaldu dute taldekieek.
Udalak 7,4 hektareako lursaila erosi zuen, eta herri ekimenez birlandaketarako diru bilketa egin zuten iaz. 120 pertsonak hartu zuten parte, “bakoitzak ahal zuen tamainako diru ekarpena eginez”. Ia 8.000 euro lortu zituzten udan. “Horrela, lan sintonizatu bat garatu dute udalak eta hala nahi izan duten hainbat herritarrek”.
Auzolana eta kontzientziazioa oinarri hartuta, bertako landareak landatuz, Eako basoak lehengoratzea dute helburu.