Aholku Sareak bi bulego izango ditu Busturialdean
Bermeon eta Gernikan irekiko ditu bulegoak otsailean, egoera ahulenean dauden etorkinei aholkularitza juridikoa emateko. Aholku Sarearen helburu nagusia da egoera ahulenean dauden etorkinei arreta ematea eta administrazio izapideak egiten laguntzea.
Egoera ahulean dauden etorkinei aholkularitza juridikoa emateko helburuagaz, Aholku Sareak bost bulego berri zabaldu ditu Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, horietako bi Busturialdean. Bermeon eta Gernikan otsailean hasiko dira zerbitzua eskaintzen, eta hiru lurraldeetan lehendik zeuden beste hemeretzi bulegoei gehituko zaizkie; Bermeon gizarte ongizateko bulegoan emango dute zerbitzua, eta Gernikan hurrengo asteetan erabakiko dute. Busturialdekoez gain, Mungian, Arangurenen eta Azpeitian zabalduko dituzte bulego berriak.
Hori horrela, atzerritartasunaren arloko laguntza juridikoaren euskal sareak 24 bulego izango ditu, lurralde bakoitzeko zortzi, eta modu estrategikoan banatuta egongo dira, “ahalik eta erabiltzaile gehienengana iristeko”.
Izan ere, Aholku Sarearen helburu nagusia da egoera ahulenean dauden etorkinei arreta ematea eta administrazio izapideak egiten laguntzea, lan merkatuan sartu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika saileko Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak sustatutako zerbitzua da, Biltzen Integrazioaren eta Kulturen Arteko Integrazio eta Bizikidetzarako Euskal Zerbituak kudeatzen duena, baita beste zazpi gizarte erakundek ere: Zehar-errefuxiatuekin, Euskadiko Gurutze Gorria, Caritas, Kosmopolis, SOS Arrazakeria Gipuzkoa, Adiskidetuak eta Cite-CCOO.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Bermeon egon da gaur, eta Aholku Sarea lankidetza publiko-sozialetik herritarrentzako sortutako zerbitzua dela nabarmendu gura izan du: “Helburu bat dugu, eta erabat konprometituta gaude harekin. Migratzaileek euren egoera erregularizatu ahal izatea lortu gura dugu, lan merkatuan errazago sartzeko”. Izan ere, egoera zaurgarrian daude zerbitzua behar duten asko: “Haientzat arrotza den herrialde batean daude, eta askotan babesik barik sentitzen dira, gure hizkuntza ez ezagutzeagatik, edo migrazio prozesuan esperientzia traumatikoak bizi izan dituztelako. Egoera oso ahulean dauden pertsonalk dira gehienak”.
Sailburuak argi utzi du zerbitzua etorkinen mesederako dela, baita gizarte osoaren onerako ere. “Ez dela bide erraza” onartu du, gizarteratze eta laneratze bidean “konpondu beharreko ziurgabetasun asko” sortzen direlako. Eta arreta berezia jarri du kolektibo “oso ahul” batek eskatzen duen laguntzaren beharrean: Magrebtar jatorriko gazteen kasua azpimarratu du. Erakundeen babesean eta prestakuntza akademikoan hazi direla dio, baina adin nagusitasunarekin egoera irregularrean daudela gehitu du. Hala, Ahoku Sareak horiengan eragin behar duela aitortu du.
Aritz Abaroa Bermeoko alkateak herrian aholkularitza juridikoa emateko bulegoa izatea “aurrerapauso garrantzitsua” dela dio: “Gaur pauso garrantzitsua eman dugu berdintasuna eta bizikidetza lortzeko. Eta erakundeen arteko lankidetzari esker egin dugu hori, hori baita gizarte zuzenago eta bidezkoago baterantz aurrera egiteko modurik onena”.
Zerbitzu berriak “zuzeneko eragina” izango du herriko bizilagunetan, euren bizi kalitatea hobetzeko balioko duelako: “Bereziki fokua jarriko du egoerarik ahulenean dauden pertsonengan”. Alkateak dio “kalitatezko zerbitzua” izango dela, gizarteko beharrizanei erantzuna emango diena. Eta zerbitzuak agintaldiko helburu estrategiko bati erantzuten diola azaldu du: “Guk argi geneukan gure ardatz estrategikoetako bat bermeotarren bizi kalitatea hobetzea zela, helburu jakin bategaz gainera: denontzako herri bat lantzea. Gaur aurkezten dugun zerbitzuak horri erantzuten dio. Espero dut sareak beharrizan gehien dutenei erantzun egoki bat ematea”.
Aholku Sarea datuetan. Aholku Sareko profesionalen lan taldea atzerritartasunean espezializatutako 28 abokatuk osatzen dute; horietako bost atzerritarrak dira –lau emakume eta gizon bat–, Latinoamerikatik, Afrikatik eta Ekialdeko Europatik etorritakoak. Era berean, Arabako, bizkaiko eta Gipuzkoako hiru abokatu elkargoek 400 profesional dituzte etorkin zaurgarriak artatzeko txanda espezifikoetan izena emanda. Doako justiziaren ofiziozko txandek bezala funtzionatzen dute.
Iaz, talde profesional horrek, guztira, 10.199 pertsonak egindako 23.321 kontsulta erantzun zituzten, bai aurrez aurre, bai eskura dauden telefono edo Internet kanalen bidez.
Kontsulten %56 Bizkaian egin ziren, %26 Gipuzkoan eta %18 Araban. Gehienak emakumeak izan ziren (%60), batez ere Latinoamerikako edo Afrikako herrialdeetatik etorriak, eta horietako askok, gainera, zaintzarekin zerikusia duten lan harremanak zituzten. Pertsona horien batez besteko adina 25 eta 50 urte bitartekoa da, batez ere lan merkatuko biztanleria aktiboa baita.
Era berean, kontsulta gehienek lotura dute gizartean edo lanean errotzearekin zerikusia duten erregularizazioekin. “Nolanahi ere, Aholku Sarearen lana aholku-emaile hutsa da, ez baita ez tramiterik ez legezko ordezkaritzarik egiten”, zehaztu du sailburuak.